Etnografia atalak

0

Egilea: Konrado Mugertza. “Zura eta ura” erakusketa eta argitalpeneko irudia.

Itsasontzigintzan zuraren ordez material sintetikoak erabiltzeak arrantza-portuen kolorearen desagertzeaz batera, ia oharkabean identitate-galera bat ere ekarri du.

Kolorea itsasontzien eta arrantza-portuen ezaugarri da munduko edozein bazterretan; eta kolore-sorta zehatz bat, itsasontzien formekin eta zenbait elementurekin batera, herrialde bakoitzaren bereizgarri. Euskal portuetan, esaterako, urdina, gorria eta berdea dira kolore nagusiak, eta nekez aurkituko ditugu beltza edo horia. Kolore-sorta hori herrien izaerari lotua dago nonbait, mundua ulertzeko modu bati, eta garatuz joan da identitate-adierazle bihurtzera ailegatu arte.

Koloreak oparotasuna, alaitasuna eta freskotasuna eskaintzen dizkio ikusmenari, eta atondu egiten ditu portuak itsas giroak hain bereak dituen zabaltasun, askatasun eta misterioarekin bat datorren jantziaz.

Alabaina, zuraren pixkanakako ordezteak beira-zuntzaren eta beste gai sintetiko batzuen mesedetan, larriki zauritu du mendeetako lanbide eta portuetako bizimodu bat: erriberako edo itsas zurgintza. Izan ere, hamarkada gutxi batzuetan artisauen ontzigintzari eta konpontze eta mantentzeari loturiko industria oso bat desagertuz doa, isiltasunean, eta gure begi axolagabeen aurrean.

Egilea: Konrado Mugertza. “Zura eta ura” erakusketa eta argitalpeneko irudia.

Zurginak bat datoz kontu batean: egurra, astunagoa izanik, hobeto egokitzen da uretara. Onartzen dute, ordea, merkeago dela poliesterra; hori gutxi balitz, itsasontzien mantentze lanak ere errazagoak dira, poliesterrak, ez usteltzeaz gainera, hobeto eusten omen dielako kolpeei. Gainera, poliesterra ez da zahartzen. Zahartzea, nonbait, jakintsuagoa egitea bada, zurak asko daki horretaz. Alabaina, material berriak eta fabrikazioa seriean ari dira nagusitzen. Garai hauen seinalea da.

Poliesterraren nagusitzeak zuraren kaltetan portuen polikromia ia erabat ezereztu du: txalupa, potin, batel, bapore edo itsasontzi handiagoen kolorez beteriko irudia ezabatu egin du. Poliesterrak, beti berdina eta zuraren nobleziaren gabekoa izanik, arrantza-portuak basamortutzen ditu, eta beste koloreen gainetik agintzen duen zuri plano eta ñabardura gabeak ikusmena itsutu eta paisaia pobretu egiten du. Zuritasun arrunt, antzu eta berdintzaile hori, bere onura ukaezin guztiekin, “erabili eta bota” ereduaren proposamen estetikoa da aldi berean, globalizazioaren alde ilunetako bat.

Arrantza-portuak, hainbeste kolorez jantziak, ontzi zaharren egurraren ehundura eta pintura-geruzak agerian, ontzioletako kolore-probak hormetan, herdoilaren geografiak burdina zaharkituaren azalean, ez dira akaso —edo ez ziren, esan behar— herri baten kolore, ehundura eta nortasunaren isla? Gaur kirol-portuen gero eta antz handiagoa dute, zurbilak eta berdinak, historia eta nortasunik gabeak; ihesean doakigun nortasuna, galtzen ari garen identitatea, oharkabean, harea bezala atzamarren artean.

Konrado Mugertza – Argazkilaria

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~