Etnografia atalak

0

Elorri gurutzeak. Ezkio (Gipuzkoa). Egilea: Felix Mugurutza

Gure arbasoentzat, ekaitza zen indarkeria atmosferikoaren agerpenik arruntena, ezagunena eta beldurgarriena: etxea, ganadua, uzta edo pertsonen bizitza bera arriskuan zeuden ekaitza agertzen zenean.

Ekaitzetarako garairik egokiena maiatzaren 3an hasi eta irailaren 14an amaitzen zela uste izaten zen. Data biak ondo errotuta zeuden herritarren gogoan, kristautasunaren gurutze santuari eskainitako jai bien bitartez.

Horregatik, tartean zeuden lau hilabeteetan, gure baseliza eta parrokia askotan, konjuruak egiten ziren egun-egunero. Nekazaritza-lanak babesteko egiten ziren batik bat, ingurune humanizatuagoetan, uztak suntsituko zituen txingorra saihesten saiatzeko.

Elorri-arantza. Egilea: Felix Mugurutza

Aitzitik, leku bakarti edo menditsuetan, harri-jasaren mehatxua bigarren maila batean geratzen zen, eta arreta guztia tximistetan jartzen zen. Horregatik, era askotakoak dira beren mehatxutik babesteko formulak. Horietako bat, interesatzen zaiguna, elorri zuriaren (Crataegus monogyna) erabilera zen.

Ederto zekiten ikazkinek, abeltzainek, mandazainek edo eremu baten erdian ekaitzak harrapatuta zegoenak, elorri baten azpian babestea zela egokiena. Izan ere, leku sakratu bat bailitzan, han ezingo luke tximistak jo. Gaztainondo baten azpian babestearen kontrakoa, edo, askoz okerrago, pago baten azpian, horiek zirelako oinaztarriak erakartzen dituzten zuhaitzak.

Horregatik, nahitaez, elorri-zuraz egindako gurutze bedeinkatuak jartzen ziren mendiko txaboletan. Landatu ere egiten ziren zuhaixka horiek beren inguruetan, txabola, artzaina eta artaldea aldi berean babestuko zituztelakoan.

Hori guztia gutxi balitz, elorriak zeukan babeserako ahalmen hori eraman zitekeen leku batetik bestera, hortaz, kutun perfektua zen. Horrela, baziren ekaitzaren azpian lasai ibiltzen ausartzen zirenak, erabat konbentzituta zeudelako tximistaren aurrean ukiezinak zirela, bularreko arropan elorri lore bat sartu izanagatik. Edo eskuan gordeta hosto sorta bat eramateagatik. Edo… zuhurtziaz, elorri-arantza bat ilearen barruan edo txapelaren barnealdean sartzeagatik. Ez dakit nola ez garen horretatik hasi. Inork zalantzan jartzen al zituen euskal txapelaren superbotereak?

Felix Mugurutza

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~