Etnografia atalak

0

Sostenibilidd-economica-y-social

Gaur egungo gizarte kapitalistan, hainbat kontzeptu sortu dira, eta, pixkanaka, gure bizitzako alderdi guztietan sartzen ari dira: eraginkortasuna, iraunkortasuna eta baliabideen zaintza, besteak beste. Kontzeptu horiek benetako mantrak izatera heldu dira, eta beti presente dagoen helburu ere bihurtu dira. Baina, definizioz, helburu soilak dira; izan ere, horiek gauzatzea bateraezina da kapitalismoaren logikarekin. Gauzak horrela, zentzu hertsian, sistema bat eraginkorra da inolako hondakinik sortzen ez badu, eta hori pentsaezina da gure gizartean. Hazkunde iraunkorraz hitz egitea kontraesankorra da, eta nabaria da erauzketan oinarritutako ekonomian ezinezkoa dela baliabide naturalak mugarik gabe zaintzea.

sostenibilidad_RSE1

Joan gaitezen atzerantz. Aurreko hamarkadetan, landa-guneetako nekazaritza-etxeek ezaugarri bat zuten: aski zuten bertan ekoizten zenarekin. Eraginkortasunari dagokionez, mundu horretan dena aprobetxatzen zen berriro. Ez soilik abereek sortutako simaurra, laborantza-lurraren ongarria zena; izan ere, elikagaien soberakinak abereek jaten zituzten, eta txerria da horren paradigma. Ontziak ez ziren ia erabiltzen, eta lortzen zirenak oso preziatuak ziren: adibidez, olio-ontziak etxeko errautsak gordetzeko berrerabiltzen ziren, eta errauts hori lurra ongarritzeko erabiltzen zen. Iraunkortasunari dagokionez, esate baterako, gaur egungo erosio-arazoen, ugalkortasun-galeraren eta pestiziden pilaketaren aurrean, gizarte tradizionalek bazuten ortuaren kalitatea neurtzeko modu bat: lur hori zenbat belaunaldik landu zuten, alegia. Zenbat eta belaunaldi gehiago izan, hobe. Erauzketa-gaitasunari dagokionez, aldiz, agrosistema tradizionalaren atalik ahulena mendia zen, batez ere, egurraren ustiapenaren (eraikinak eta lanabesak egiteko) eta erregaia lortzearen arloan. Beharbada, horregatik jarri izan dira beti araudiak, bai eta inpaktua murrizteko eta hurrengo belaunaldietarako zuhaitzak bermatzeko estrategiak ere.

Ez gaitezen engaina: iraganeko garai oro ez zen hobea izan, baina zerbait ikasi genezake iraganetik. Igarotzen den hamarkada bakoitzean, urrunago gaude atzeratutzat hartu ohi den landa-giroko mundu horretatik, eta, paradoxikoki, gure gizarte urbano eta teknologikoak lortu nahi duena da landa-giroko gizarte zahar eta iraindu hark oihartzun handirik gabe lortu zuen gauza bera.

Luis Manuel Peña – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, Atlas Etnográfico de Vasconia bildumako Ganadería y Pastoreo liburukia kontsultatu daiteke. Laster argitaratuko da: Agricultura en Vasconia.

Ilustrazioak eiramedioambiente.es eta ecoligiaverde.com webguneetatik atera dira.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~