Etnografia atalak

0

Goizaldi Dantza Taldea Corpus Christi egunean Ezpata Dantza dantzatzen (Donostia, 1985/06/06). Argazkia: E. X. Dueñas.

Bertako taldeek egiten dituzten dantzak sailkatzeko, “dantza tradizionala” edo/eta “euskal dantza” izendapena erabili ohi da. Baina ez da beti hala izan, beti hala izan ez den bezala dantzak egiteko modua, mendez mende iraun duten urratsen eta irudien egiazkotasuna eta, horri lotuta, zurruntasuna defendatzeko ahaleginak ahalegin.

Denborak alterazioak eragin ditu, eta horren leluko dira azken berrogeita hamar urteetan, gutxienez, argitaratu izan diren liburu eta artikulu ugariak eta filmazioak. Nolanahi ere, bada koreografian sakontzen duen argitalpen bat haren antzinatasunagatik bereziki aintzat hartzekoa, 1824an inprimatua baita: Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia… Juan Ignacio de Iztuetak (Zaldibia, 1767-1845) sinatua.

Iztuetak Gipuzkoako dantzari buruzko lehen monografikoa idatzi zuen, idazlearen beraren hitzen arabera dantzak kontserbazio egoera larria zuen une batean. Gainera, behin eta berriro egin zuen txistularien kontrako kritika, esanez bertakoak ez ziren musikak jotzen zituztela eta bertako dantzen hondamena eta galbidea zekartela horrela. Haren obra, zeinari gehitu zitzaion beste bat, handik bi urtera, melodien partiturekin, lan oparoa da, liburuan aipatzen diren 36 dantzak nola egin behar diren esaten duena.

Txistularia (Portugalete, 1986). Argazkia: E. X. Dueñas.

Aspalditik izan da garrantzi handiko erreferentzia dantzarientzat eta gaiaren adituentzat, baina bibliografia paregabea sortu da haren inguruan ere. Aurkeztutako dantzekin loturikotik hasi, eta egilearen beraren bizitzako gertaera eta pasadizoak jasotzen dituenera, tartean direla Euskal Herriaren ondarea osatzen duten gainerako dantzen konparatibak.

Jesús Elósegui, José Garmendia, Aita Donostia, Jose Ignazio Ansorena eta Juan Antonio Urbeltz daude, garrantziagatik eta zehaztasunagatik, orain arte zaldibiarraren bizitza eta obra xehakatu dituzten ikertzaileen zerrenda luzearen buru. Eta interesa duenak eskuragarri dauka hari buruzko orotariko informazioa biltzen duen webgune zoragarri bat ere: https://www.iztueta.com/.

Nolanahi ere, Iztueta ez zen soilik idazlea izan; dantzari gisa, dantza praktikatu eta irakatsi ere egin zuen. Hain zuzen ere, haren zuzeneko dizipulutzat hartua da José Antonio Olano, eta, haren ondotik, José Antonio Pujana, haren seme Cándido, eta, aurrerago, Iñaki Gordejuela, baita tradizioaren “jagoletzat” hartua dena ere, Donostiako Goizaldi dantza taldea: 2023an bete ziren 75 urte talde hori sortu zela.

Mende bi igaro dira, eta aldaketa nabarmenak izan ditu dantzak, arlo guztietan: irakaskuntzan, metodologian, erakusteko eran, aurkezpenean, etab. Hala ere, hainbat argitalpen izan ditu Guipuzcoaco dantza… obrak (1895, 1967 eta 1990), aldaketa horiek koreografian eraginik izan ez balute bezala edo, besterik gabe, denbora ordukoan gelditu balitz bezala.

 

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~