Etnografia atalak

k16o27a5

Barandiaran Sara Etxean. Ataun, 1987. Ángel Alonso. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

2017ko abenduaren 21ean, José Miguel de Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrena bete zen. Etniker Taldeetan (José Miguelek berak sortutako izena, “etnografiako ikerketa” esateko) etnografian jarduten dugunok esker oneko zorra daukagu berarekin. Taldeok sortu ez ezik, diziplina bera guztiz aldatu zuen, ordura arte ikuspegi erromantiko eta mugatuan landu baitzen. Barandiaranek ikuspuntu berria eman zion etnografiari, zientziaren ikuspegia, metodo sistematikoa ezarri, eta, batez ere, pentsaera guztiz zabalean oinarrituta. Horrela jarri zuen gure kultura Europakoaren barruan.

Urte gutxi barru mende bat beteko dute berak bultzatutako lehenengo argitalpen etnografikoek; horrez gainera, hamarkada batzuk joan dira Etniker egitasmoa sortu zuenetik, hegoaldean lau talde eta Iparraldeko hiru lurraldeak batzen dituen beste bat dituela. Taldeok osotzen dituzten kideek hogeita hamar urte daramatzate elkarlanean egitasmoa osatzen, Atlas Etnográfico de Vasconia deritzona. Helburu horrekin elkartu ziren maila handiagoko egitura batean: Euskal Herriko Etniker Taldeak. Barandiaranek berak asmatu eta bultzatutako egitasmoa da, eta lehenengo alea argitaratuta ikusi ere egin zuen, 102 urterekin hil aurretxoan.

moreda-2015

Etniker Euskalerria Taldeen batzarra. Moreda de Álava, 2015. Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Talde-lan horren gainean egin daitezkeen gogoetak eta kritikak gorabehera, alderdi bat nabarmendu behar da. Gaur egun, Etniker Taldeok iraun egiten dute eta jardunean jarraitzen dute, joandako hamarkadek eta gizartearen aldaketek ekarritako mugak eraginda bada ere. Zergatik lortu zuen Barandiaranek hainbeste jende erakartzea eta batuta jarraitzea, beste ezertan elkartu ezin izan den lurraldea kontuan hartuta? Etniker Taldeetako kideen artean denetarik dago, emakumeak eta gizonak, gazteak eta helduak, ikasketa era askotakoak eta ez hainbestekoak, fededunak eta fedegabeak, pentsaera politiko desberdinetakoak, hainbat euskalki erabiltzen dituztenak, gaztelania modu ezberdinak, edo frantsesa, mendiek banandutako paisaietan edo lautada zabaletan mugitzen direnak; eta aldeak alde, elkarrekin orain ere.

Barandiaranek ardura hartu zien euskaldunen ezaugarri bereziei, bereizten eta banatzen gaituztenei; baina lehentasuna eman zien geure-geureak direnei, eta gehien, nagusi dugunari: dibertsitateari. Lurraldeok eremu geografiko txikia hartzen dute, baina txikitasun horretan maila guztietako aldaerak aurkituko ditugu, baita kulturan ere.

Lekuan lekuko bitxikerietan geratu gabe, txarto bideratuz gero estereotipoak eta aurreiritziak nagusi diren lekura baino ez dute eramaten, eta bere laguntzaileak aniztasuna batzera bideratu zituen, bakoitza jaio edo hazi den lekuan. Eta horixe da denok batzen gaituena: bakoitzak bereari dion maitasuna eta besteek eurena dutenari zor zaion errespetua.

Luis Manuel Peña, Ander Manterola, Gurutzi Arregi eta Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria Taldeak


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~