Etnografia atalak

0

Cuculus cannorus (emea). Egilea: Trebol-a.

“Ku-ku, ku-ku”, nork ez du ezagutzen kantu ozen hori? Dudarik gabe, hegaztien munduan doinurik ezagunena da, eta ospe hori hizkuntza ezberdinetan txori hau izendatzerakoan islatzen da: kuku euskaraz, cuco gazteleraz, coucou frantsesez, cuckoo ingelesez…

Egutegi ofizialak udaberriaren hasiera martxoaren 20an finkatzen badu ere, baserritarrentzat kukuaren (Cuculus canorus) kantuak iragartzen du urtaro honen etorrera.

Asko dira Euskal Herri osoan kukuaren inguruan sorturiko kontaketak, esaerak eta sinesmenak. Tradizioaren arabera, egoera ekonomikoan ere eragina du txori bitxi honek: kukuak jotzen lehenengoz entzuterakoan poltsikoan txanponak daramatzanari urte horretan ez omen baitzaio dirurik faltako, baina une horretan txanpon gabe badago, hurrengo udaberrira arte, behintzat, ez da aberastuko.

Biziaren iraupenarekin ere nolabaiteko zerikusia omen du; horregatik atso-agurek kukuak noiz joko zain izaten dira, lehen kantua entzun ezkero, urte horretan heriotzaren bisita ez gertatzeko garantia osoak eskuratuko baitituzte. Adinean aurrera doazenek negu aldean osasunez guztiz ondo ez dabiltzanean, “ez dakit aurten kukurik entzungo dudan” esaten dute, kuku-hotsa entzun ezkero urte horretarako bizia ziurtatutzat edukiko dutela adierazi nahirik.

Habia-bizkarroia

Lezkari bat kuku-kumea elikatzen. Egilea: Per Harald Olsen.

Bere kantua ezaguna bada ere, ezin da gauza bera esan kukuaren itxura eta bizimoduari buruz, nekez ikus baitaiteke. Hegazti bizkarroia da, hau da, bere kumeak beste espezie baten kontura hazten ditu, txantxangorria, txepetxa, amilotxa eta abarren habietan arrautzek jarriz.

Habia-jabeen ausentzia aprobetxatuz, errutuko du kuku emeak ostalariaren habian. Habiko arrautza bana jarriko du. Arrautzek mimetikoak izango dira: neurri, kolore eta forman beste espezienaren oso antzekoak. Gainera, ostalariarenean arrautza utzi aurretik, habiako bat lapurtuko du, horrela kopuruan aldaketarik egon ez dadin eta guraso ordea konturatu ez dadin.

Kukukumea habiakideak baino lehenago jaioko da, eta ostalariaren arrautzak habiatik jaurtiko ditu, horrela lehiakideak kanporatuz eta janari guztia monopolizatuz. Egun gutxitan, gurasordeak tamainan gaindituko ditu. Dena dela, benetako gurasoak ez dira guztiz arduragabetuko kumeez, eta hauek intsektuak eta beldarrak ehizatzera kanpora ateratzen hasi arte habia inguruan ibiliko dira.

Udaberriko kantua

“Ku-ku, ku-ku” kantu ospetsua arrarena da, emearena apalagoa, motelagoa baita. Baina uda sartzen den heinean, kuku-hotsa isilduz joango da, San Pedro inguruan desagertuz. Eta gertaera hau esaera herrikoiek biltzen dute: “Andra Mari martikoz ku-ku,  San Pedroz mutu”.

Arratia (Bizkaia) aldean esaten denez, “San Pedro jaietan, Diman bazkaldu eta Frantziara joaten da kukua”, hurrengo urtera arte bere arrastorik izango ez delarik. Baina ez da Frantziakoa hartuko duen norabidea, Afrikakoa baino, negua lurralde hauetako epeltasunean igaroko baitu. Lehenengo gurasoak abiatuko dira eta hilabete eta erdi inguru geroago kumeak.

Jon Urutxurtu

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~