Etnografia atalak

0

1992ko Eskiulako emazte maskarada. Iturria: Iker Uthurralt.

Maskaradak Xiberoako inauteri tradizionalak dira. Maskaradetan, gizartea aurkeztürik da bitan banatürik. Alde batetik gorriak, gizarte ona, garbia eta zentzüzkoa. Horien artean 5 aitzindariak edireiten dütügü, jauna eta anderea, laboraria eta laborarisa baita marexalak. Horien eretzean, beltzak, zikinak, itsusiak eta morala gabekoak dütügü. Horien artean, buhameak badütügü, Xiberoan aspaldidanik integratü direnak, nahiz eta lüzaz gizarteak iritzi negatibo haietaz üken. Horrez gain, leheneko ofizioetan lanean ari ziren pertsonaiak badira, xorrotxak ezpatak xorroxten zütüenak, kerestuak zamaiak kerestatzen zütüenak edo kauterak bertz xilodünak betatxatzen zütüenak. Maskaraden helbürüa, gizartea itxüratzeaz gain, azken horren kritikatzea da, satirikoa izatez.

Urte oroz, herri bateko edo herri zonbaitetako gazteak biltzen dira eta maskaradak emaiten urtarrilatik apirilat. Astebürü güziz, herriz herri kurritzen dira, goizetan barrikadetan karrika desberdinak deskübritzez eta dantzan aritzez. Arrestitan, aktürrek herriko plazan emanaldia emaiten düe. 2024an, Pagolaren ordü zen. Hain züzen ere, 2019an pastorala egin ondoan, herriko gaztek izena eman züen maskaraden antolatzeko. Erran behar da Pagolaren parte hartzea ezohizkoa dela, Xiberoarekin lotüra berezia beitü. Hala nola, Pagola geografikoki ez da osoki Xiberoan. Errekaren alde bata Xiberoan da, eta bestea Baxe Nafarroan. Hanko jenteek erdi xiberera erdi baxe nafartar dialekto bat mintzatzen düe, Amikuzeko eüskara izenean ezagütürik dena. Egoera horrek esplikatzen ahal dü Pagolak ez hoinanbesteko ohidüraren ükeitea Xiberotar kültüran. Bena horrek ez dütü trabatü Xiberoan gainti ebilteko eta erakusteko Pagolan ere kültüra bizi dela.

Pagolako maskaradan ohizko pertsonaiak ikusten ahal badira buhameak, xorrotxak edo Pitxu bezala, kargü batek xiberotar «ohidüra» bat iharrausi dü: maskaradako errola inportenan ‘Kabanasa’ izentatü düe, hots Kabana emazte bat. Hain züzen ere, Pitxu eta Kabana betidanik «gizon errolak izan dira», eta hor kasik lehentze emazte bat izentatürik izan da. Erran behar da Xiberoan, maskaradetan eta orokorki kültüra mailan, emazteen parte hartzea berriska dela. Hortaz zerbaiten jakiteko, 40eko hamarkadarat joan behar gira. 1944an, Barkoxen hiru emaztek ofizialki eta püblikoki dantzatzeko eskübidea ükeiten düe. 1946an, 6 emaztek lehen aldiz Barkoxek antolatzen zütüan maskaradetan parte hartüko düe. Xiberoan eskandala handia izan ondoren, 1977 urtea egüki beharko da emazteak maskaradetan berri ikusi ahal izateko Urdiñarben.

Pagolako maskaradako Kabanasa, 2024. Iturria: Iker Uthurralt.

Hortarik landa, emazteak emeki-emeki kargü güzietara integratü dira, dantzarietan, xorrotxetan, buhamina gisa, kerestu edo kautere. 1992an, urte berezia izan da Xiberoan, lehen aldikoz (eta azkena mementoan) emazte maskarada oso bat muntatü beita. Eskiulako neskak bildü eta Xiberoko herriak kurritü zütüen, hor ere kritikak biltzez. Ondotik, 2012an baizik berriz ikusiko dügü Pitxu famatüa emazte batek errepresentatürik (Joana Hoquy) XIOk (Xiberoko Ikasle Ohiak elkarteak) antolatütako maskaradan. Eta, 2024eko urtean bigarren aldikoz emazte bat Kabana, Ainara Aguerre Kabanasaren errolan.

Ohartzen gira emazteen integrazioak maskaradetan hamarkada hanitx hartü dütüala. 1946eko 6 lehen emaztetarik abiatüz, oraiko maskarada güziak kasik parekotasünean dira. Dantzarietan adibidez, neska hanitxez haboro edireiten dira, eta tendentziak ez lüke kanbiatü behar. Gaur egün emaztek azkarki xiberotar eta eüskal kültüra itxüratzen düe, eta dagün urteetan haien inportantzia geroago eta handiago izan behar leite.

Lotüra eginez pastoralarekin, emaztek aspaldidanik parte hartzen badüe ere, errejent (pastoralaren küdeatzailea) kargüan emazteak dira berriki aitzinealat ezarririk, adibidez hiru emaztek beitütüe azken 3 urte horietako 2 pastoral jarraiki. Horietarik batak, Xantiana Etxebestek, dü 2024 eko Luis Ligetx Gamere-Zihigako pastorala küdeatüko.

 

Iker Uthurralt

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~