Etnografia atalak

0
Cucorecortada

Kukua. Sergio González Ahedo.

Urtaroz aldatu berri dugu, eta bete-betean sartu gara udaberrian, nahiz eta meteorologia, batzuetan, kontrakoa adierazten tematzen den. Ekinokzioaren etorrerak edonork antzeman ditzakeen aldaketak dakartza: egunak argi-orduak lapurtzen dizkio gauari; lehenengo loreak lotsati agertzen dira; zuhaitzek kimuak berritzen dituzte, eta hostoak berdetzen dira; elurtuta dauden guneetan urtzaldia hasten da, eta ura alde guztietatik dabil; azkenik, pixkanaka neguko eguraldi txarrak baztertzen hasten gara.

IMG_8126

Kukua entzutea lortuko dugu? Izaskun Agirre. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Dena dela, basoz eta mendiz inguratutako landa-guneetan, udaberria iritsi dela adierazten duen beste gertaera argi bat ere badago: kukuaren kantua (Cuculus canorus). Zalantzarik gabe, neguaren eta udaberriaren arteko urtaro-aldaketari lotutako animalietako bat da kukua, eta, hortaz, heriotzaren eta bizitzaren sinbologiari ere lotuta dago.

Asko eta mota askotakoak dira hegazti horri buruzko sinesmen, esaera eta atsotitzak. Horietako batzuk kantua entzuten hasten garen urte-sasoiari buruzkoak izaten dira. Kantua udaberrian hasten da, eta uda iristean eteten da, era misteriotsuan: “Entre marzo y abril, sale el cuco de su cubil; con la nieve no quiere venir” (martxotik apirilera, kukua babeslekutik irteten da; elurrarekin, aldiz, ez du etorri nahi); “Al cuco san José le da el habla (19 de marzo) y san Pedro (29 de junio) se la quita” (Kukuari San Josek (martxoaren 19a) hitza eman, eta San Pedrok (ekainaren 29a) kentzen dio); “Cuando el cuco llega, entonces es primavera; si el cuco aún no llegó, es que la primavera no comenzó” (Kukua iristen denean, orduantxe da udaberria; kukua ez bada iritsi, udaberria ez da hasi); “Si marzo se va y el cuco no viene, o se ha muerto el cuco o la fin viene” (Martxoa joan bada eta kukua ez badator, kukua hil da edo akabera dator). Euskaraz ere, antzeko esaerak daude: “Kukuak Andra Mari Martikotz kuku, San Pedroz mutu”.

Beste esaera batzuk urte-sasoi horretako ezegonkortasun meteorologikoari buruzkoak dira: “Cuando el cuquillo canta, tan pronto sol como agua” (Kukutxoak kantatzen duenean, berdin egin dezake eguzki zein euri), edota “Kukua kantatzen, euria eta eguzkia”..

Era berean, ku-ku kantu soil eta monotonoari buruzko esaldiak ere badaude: El cuco canta su nombre (kukuak bere izena kantatzen du), edo, euskaraz, “Kukuak zazpi urtean eskolan ibili eta kuku baino besterik ez eban ikasi”.

Gaztelaniaz, cuco deitzen zaio bere egoera hobetu nahi duen pertsona maltzurrari; izan ere, hegazti honek ez du bere habia egiten, baizik eta beste hegazti batzuen habietako arrautzak lurrera botatzen ditu (betiere, bera baino txikiagoak diren txorienak), eta bertan jartzen ditu arrautzak.

Oso zabalduta dagoen sinesmen baten arabera, dirua badaramazu aldean lehenengo aldiz kukua entzutean, diru-kopuru hori izango da urte osoan izango duzuna. Sosik gabe bazaude, aldiz, horrela egongo zara hurrengo urtera arte.

Hori jakinda, ez dator gaizki poltsikoan billeteren bat izatea. Nork daki noiz kantatuko duen!

Akaitze Kamiruaga – Departamento Herri Ondarea – Labayru Fundazioa


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~