Etnografia atalak

0

Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Otsailaren 3an, San Blas eguna ospatzen dugu, itxuraz lehenagotik datozkigun sinesmenez eta erritualez betetako egun-multzo baten barruan, data horiek bat omen datozelako naturaren itzartzearekin.

Elizak, beste behin, Sebasteko Blasen —San Blasen— gurtzaz ordeztu zituen aurreko errituak. Medikua, Sebasteko gotzaina eta martiri kristaua izan zen Blas. Erdi Aroan Europa osora hedatu zen harekiko gurtza eta, geroztik, samako gaitzen babesletzat jo ohi da. Azken alderdi honekin lotu ditzakegu gure herrian egun horretan praktikatzen ditugun ohitura guztiak.

Jakiak bedeinkatzea

Usadio horietako lehenengoa eta orokorrena da egun horretako mezan elikagai jakin batzuk bedeinkatzekoa, horrela, ustez behintzat, urte osoan sama babestuta egongo delakoan eta osasun onari eutsiko zaiolakoan.

Halaber, etxeko abereei emateko ere bedeinkatzen ziren jakiak. Normalean, ogi zatiren bat txakur eta katuentzat, eta artaburu batzuk idi eta behientzat.

Haria

San Blas haria —edo “firua”— askotariko kolore deigarriak izan ditzakeen soka fina da: santuaren egunean bedeinkatzen da, denbora tarte batez lepotik esekita eraman behar da, eta, azkenean, erre egiten da. Horrela jokatuz gero, sendatzeko gaitasunak bereganatzen ditu eta samako gaitz guztien aurka babesteko kutun ezin hobe bihurtuko zaigu.

Egilea: Felix Mugurutza.

Ez dakigu ezer seguru ohitura horren jatorriaz. Dena dela, ezjakintasunetik ere, hainbat espekulazio egin izan da horretaz. Esaterako, epidemia zehatzen batean hasiko zirela erabiltzen. Guk beste azalpen baten aldeko apustua egingo dugu, bitxia, eta duen logikagatik gehiago gustatzen zaiguna: hariak egun hartan egin ohi zen jakien bedeinkapenean duela jatorria.

Hain zuzen ere, jakiak (erroskillak eta abar) elizaraino eramateko, antza denez, kolore biziko hariak erabiltzen ziren, baita alanbreak ere. Etxera itzultzean, baten batek historiako uneren batean, pentsatuko zuen lokailu horiek ere bedeinkatuta zeudela. Eta ondorioz, aprobetxatu eta babesteko elementu gisa erabil zitezkeen, bota barik.

Laudio gure herritik J. M. Barandiarani seminarioko bere ikasleetako batek 1935ean bidali zizkion oharrekin primeran egokituko zen, bere herrian horretaz arakatzeko agindu ziolako apaizak. Seminarista Torrejon baserriko Juan Egia Orue zen, eta duela mende bateko Laudio hartan «[pertsona eta animalientzako jaki] horiez gain, denetariko idunekoak bedeinkatzen dira, metalezkoak edo harizkoak». Metalezko idunekoak…

Noiz arte

Hor ere ez gara ados jartzen, gaur egun Hausterre Egunera arte izaten delako eta, hala ere, Barandiaranen beste informatzaileetako batek, bere ikasle zen Zabalaberrio baserriko Daniel Isusi laudioarrak, 1935ean erantzun zion hariak ipini behar zituztela «… senide guztiek samaren inguruan lotuta, eta hurrengo urtera arte eraman». Jarraian, zera erantsi zuen: «…baten bati urtea amaitu aurretik apurtuko balitzaio, arin baino arinago bota beharko luke sutara, aitaren egin ostean». Amen.

 

Felix Mugurutza

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~