Etnografia atalak

0

Iturria: Sancho el Sabio Fundazioa.

Abenduaren 21ean, urtero bezala, Bilboko Areatza eta Plaza Barria jendez beteko dira, denak ere Santo Tomaseko Azokako jai-giroaz gozatzera joandakoak. Hainbat hamarkadatatik hona egiten duten moduan, Bizkaiko ekoizleak eta baserritarrak bertan elkartuko dira, euren produkturik onenak erakusteko hango jendetzari, eta, modu horretan, landa-giroko eta hiriko munduen arteko zubiak eraikitzeko.

Tradizio hau XIX. mendekoa dugu, gutxienez. Garai hartan, baserritarrak hiriburura joaten ziren, urteko errentak ordaintzera euren baserrien jabeei; izan ere, horietako gehienak Bilbon bizi ziren. Kontuan izanik Gabonak gertu zeudela, diruz ordaindu beharrekoaz gainera, maizterrek euren ortu eta oilategietako produkturik onenetako batzuk oparitzen zizkieten etxe-jabeei, txerrikiak ahaztu gabe.

Bilbora egin beharreko bidaia aprobetxatuz, emakume baserritarrek barazkiak, arrautzak, kapoiak, oilarrak… saltzen zituzten, eta, horrela, hiribilduko bizilagunak jakiz hornitzen zituzten, Gabonetako ospakizunei begira. Lortutako irabaziekin, bakailao erosten ohi zuten, eta, diru apur bat sobratzen bazen, turroi eta mazapanen bat ere bai, etxeko umeentzat.

Salmenta horiek Plaza Nagusian egiten ziren (gaur egungo Erriberako Merkatuan, alegia), harik eta, 1915ean, Félix García Arzeluz (1869-1920) idazle kostunbrista bilbotarrak Plaza Barrian erakusketa-azoka bat antolatzea erabaki zuen arte.

1945etik, Bizkaiko Aurrezki Kutxa (oraingo BBK erakundearen aurrekaria) arduratu zen azoka antolatu eta babesteaz, eta, gaur egun BBK-k jarraitzen du ekimenaren buruan. Denboraren joanarekin, Azoka aldatzen joan da, eta erakusketa-gunea Areatzara ere zabaldu da. Gaur egun, sariak ematen zaizkie produkturik onenei, zenbait ataletan banatuta: barazkiak, frutak, gazta, eztia, sagardoa, txakolina…

Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Azken edizioetan, Baserritar Emakume saria ere izan da. Sari horren helburua lehen sektoreko andrazko ekoizleen lana ikusaraztea da.

Orain mota askotako produktuak saltzen dituzten ehunka postu daude. Beste garai batean, ohikoa zen Gabonetako jaiegunetarako otorduak prestatzeko animaliak saltzea (kapoiak, indioilarrak, oilaskoak, oiloak, untxiak…). Baina gaur egun ez dago era horretako jakiak prestatzeko ohiturarik, eta jende gaztea eta umeak hegaztiak ikusten joaten dira baina ez dituzte erosten. Beste kontu asko legez, Gabonetako ohiturak asko aldatu dira eta egun horietako jatekoak ere bai.

Gaur egun, salerosketetarako eguna baino gehiago jaiegun pozgarria da. Milaka eta milaka pertsona batzen dira hiriburuan egun honetaz gozatzeko. Gainera, eguneko egitaraua era askotako ekintzekin betetzen da. Zalantzarik gabe, egun handia izaten jarraitzen du.

 

Akaitze Kamiruaga

Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~