Labayru Gaur

0

Bart hil da Gurutzi Arregi Azpeitia. Agur egin ezinik joan jaku lagun artetik.

Gurean sakon erroturik geratuko da haren irribarre zabala, haren zintzotasun garbia, haren ekin bizia.

Gurutzi Arregi Lemoan jaio zan (1936), baina gerra zibila amaitu orduan, familia Durangora joan zan eta ordutik han bizi izan da, herriagaz lotuta.

Lehenengo ikasketak San Vicente Paúl eskolan egin ebazan, eta gero idazkaritza eta kontabilidadea Santa Susanan ikasi zituan. Durangoko zenbait enpresatan zuzendariaren idazkari moduan jardun eban.

Gaztetatik agertu zan ohituren eta tradizinoen zale, bere herrian bertan lehenengo, Gerediagako merindadean gero eta baita Bizkaian eta Euskal Herri osoan be. Hurreko gidari bi izan ditu, asko eragin deutsienak, berak beti maisutzat hartu izan dauan José Miguel Barandiaranek, eta Ander Manterolak.

Lehendik be eginda eukazan lantxu batzuk gure herriko bizimoduari buruz, baina une baten Deustuko Unibersidadera joatea erabagi eban, ikasketak egitera. Orduan ez egoanez etnografiako ikasketa-programarik, berak hori gura izango eban arren, Soziologia ikasi eban. 1975ean Zientzia Politiko eta Gizarte-Zientzietako lizentziatura hartu eban.

Gerora, 1996an, doktorego tesia egin eban unibersidade berean, “cum laude” notarik altuenagaz atera ebana. Lan horren zatirik mamintsuena 1999an argitaratu zan liburu baten Origen y significación de las ermitas de Bizkaia izenburuagaz. Lan hori erreferentziakoa da Bizkaian herrri-erlijinoaren adierazpenak ezagutu nahi dituanarentzat, historia espirituala, auzotasuna eta auzoen funtzinoak, ermiten inguruan egiten ziran herri-batzarrak… Urteetan ermiten azterketa sakona egin eban, eta horren emaitza izan zan lana, Ander Manterolak gidaduta egin ebana. Hareri dedikauta dago.

Lan horren aurrekaria, eta zuztarra neurri baten, lehenago Gurutzik luzaroan egindako lana zan. Besteak beste Andrés E. de Mañaricua bizkaitar historialariak eraginda hasi eban ikerketa hori, helburu bategaz: ahalik eta gehien batzea Bizkaiko ermitetan eta euron inguruan egozan historia, ohitura eta praktiken ganean. Horren emaitza izan zan Ermitas de Bizkaia izenagaz hiru aletan 1987an argitaratu zan lana, Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta. Hor jasoten da Bizkaiko ermita guztien katalogoa eta bakotxari buruzko informazinoa, era guztietakoa. Ezinbestean konsultau beharreko liburua da Bizkaiko historia erlijiosoaz ezer jakin gura dauenarentzat, eta sarri-sarri aitatzen da ikertzaileen lanetan, eta baita santutegi apalok bisitatzen dabezanek.

Lan zientifiko horreek argitaratu aurretik be, etnografia arloan beste lan asko egin ditu: Labayru Ikastegiaren (gaur Labayru Fundazioa) Etnografia Arloko zuzendaria izan zan 1978tik; “Etniker Bizkaia” ikerketa taldearen sortzaile eta zuzendaria 1973tik; Atlas Etnográfico de Vasconia lanaren koordinatzaile eta idazle (zortzi ale argitaratu dira); Eusko Ikaskuntzako Antropologia-Etnografia Saileko presidentea 1979-1988 bitartean; 1983-84 ikasturtean Ezkoriatzarko Unibertsitate-Eskolan Antropologia kulturaleko irakasle.

Hainbat aldizkaritan idazle-kontseiluko kide izan da: Anuario de Eusko Folklore, Etniker Bizkaia eta Cuadernos de Sección de Antropología y Etnografía. Gidari eta partaide izan da Etniker taldeen inkesta Chiloé uhartean zabaltzen (Txile, 1996).

Kolaborazino asko eta asko egin ditu hainbat aldizkaritan, herri, lurralde zein estadu mailan. Esate baterako, Etniker Bizkaia, Anuario de Eusko Folklore, Munibe, Cuaderno de Historia Duranguesa, Plentzia, Temas vizcaínos, Consejo Superior de Investigaciones Científicas, etab.

Argitalpen batzuk nabarmenduko ditugu: AuzoaEuskaldunak lanaren hirugarren alean (Donostia, 1980). Anteiglesia de Izurza. Tradición y patrimonio (en colaboración, Bilbao, 1990) eta Vida y obra de don José Miguel de Barandiaran 1889-1991 (batzuen artean, Bilbao, 2003). Aipatzekoa da baita be sarrera batzuen egile dala Diccionario temático de Antropología  (Barcelona, 1988) eta Diccionario histórico de la antropología española (Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Madrid, 1994) lanetan.

Gurutzi Arregi langile nekaezina izan da, eta aurreko guztiaz ganera beste jarduera askotan be ezagutu dogu, gehien baten etnografiaren ikerketan: Eusko Ikaskuntzako presidenteorde. Donostia (1979-1994); Bilboko Euskal Museoko bokala (1981-1989); José Miguel de Barandiaran Fundazinoko bokala. Ataun (1990etik); Durangoko Arte eta Historia Museoko bokala. Durango (1991-1994); Labayru Fundazioko Artezkaritzako bokala eta idazkaria. Bilbao (1978-2010).

Urteotan sariak be hartu ditu: 2004an Durangoko Udalak Aukera Berdintasunerako saria emon eutsan, emakumeak gizarte arloan lekua izateko aurrendari izatearren; 2012an Labayru Fundazioak Ohorezko Laguntzaile egin eban, eta 2015ean Bilboko Eleizbarrutiak Karmelo Etxenagusia saria emon eutsan kultur-ondarean egindako ekarpenagaitik.

Bere ibilbide pertsonalean beste arlo bi nabarmendu daitekez: bost neba-arrebatatik zaharrena izanda, bere ardurarik handienetakoa familia batuta eukitea izan da, eta lortu dauela esan lei. Zaletasunen artean bi aitatuko ditugu: gazte-gaztetatik mendizale sutsua izan da, beti lagunekaz, mendirako kuadrilla bat baino gehiagogaz. Beste herri eta kultura batzuk ezagutzeko guraria be euki dau, horregaitik bidaiatzea da beste zaletasun bat asko praktikau dauena.

Bego betiko gure artean Gurutziren bizitzeko gogo irribarretsua.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.