
Enpakadorak Ondarroako lonjan, 2022-06-19. Egilea: Gabo Punzo. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.
Bizimoduko beste arlo batzuetan gertatzen den bezalaxe, itsasoko munduan ere gizonezkoen eta andrazkoen zereginak eta lanak ondo bereiztuta egon izan dira, eta daude gaur egun ere. Andrazkoen papera kostaldean, emazte eta ama izatea baino askoz ere garrantzitsuagoa eta zabalagoa izan da. Itsasoko emakumeen zeregina gizonezkoen lanaren osagarri izan bada ere, ezinbestekoa izan da arrantza jardueran. Izan ere, gizonen ardura nagusia itsasora irten eta arraina ekartzea izan da; baina behin portura helduta, lan gehienak emakumezkoek egin izan dituzte, eta euren erantzukizuna izan da arraina deskargatzea, garraiatzea eta salmentarako prestatzea; sareak konpontzea, arraina saltzea, etab.
Gaur goizean Bilboko Itsas Museoan Geu be bagara itsasoa izeneko egitasmoaren aurkezpena egin da. Bertan izan gara Labayru Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, eta proiektu honetako benetako arima eta ardatza izan diren Bizkaiko kostaldeko emakumeak.
Izan ere, egitasmo honen helburua belaunaldiz belaunaldi, andrazkoek itsasoarekin lotuta egin duten lana ikusaraztea eta nabarmentzea da; euren lanbideen bilakaera ezagutzea, eta ondo merezita duten lekua eta aitortza aldarrikatzea.