Etnografia atalak

Muela de 110 cm abandonada en el monte Burgamendi (Barrundia)

Muela de 110 cm abandonada en el monte Burgamendi (Barrundia). Javi Castro. Aranzadi Zientzia Elkartea.

Errotarriak beharrezkoak ziren errotetan zerealak irin bihurtzeko. Nekazaritza ezagutzen denetik daude errotak; hasieran eskuzkoak ziren, baina gero eta makina teknikoagoak bihurtu ziren, etekina handitzeko. Irina egiteko errotan, errotarriak igurzteko, ur-jauzien indarra (ur-errota) edo gurdi-abereak (odol-errota) erabiltzen ziren; beste batzuetan, berriz, haizea (haize-errota). Gaur egun, gure mendi batzuetan parke eolikoak ditugu: haize-errota modernoak dira; isurialdeen banalerro batzuk banatzen dituzten mendilerroen paisaia aldatu dute, eta energia elektriko “berdea” sortzen dute ibarretan, irin zuria beharrean.

Hain zuzen ere, urrundik ikusten diren aerosorgailu handi horien parke eolikoak ezarri dituzten toki batzuetan egiten dira hain preziatuak eta beharrezkoak diren errotarriak, harri lakar eta gogorrekoak, nagusiki hareharrizkoak. Kareharria ez da egokia horretarako. Errotarriak mendian egiten ziren eta, gero, leraz edo gurdiz edo orgaz jaisten ziren, bide zaharretatik. Halaber, adar lodi baten urkila —ahardia izenekoa— ere erabiltzen zutela jasota dago.

Muela de 120 cm abandonada en el monte Oiz (Berriz)

Muela de 120 cm abandonada en el monte Oiz (Berriz). Javi Castro. Aranzadi Zientzia Elkartea.

Ia hamar urte daramatzat Errotarri proiektuko landa-lana egiten, pieza horiek egiten ziren harrobiak berreskuratzeko. Piezok oso beharrezkoak ziren elikadurarako eta diru-sarrera handiak sortzen zituzten, oso garestiak baitziren: bakoitzak 15 dukat balio zuen XVII. mendean, hots, 8.000 teilak edo 10 ardik eta haien arkumeek balio zutena. Errota matxuratzea ezbeharra zen, baina baita negozioa ere errotarrien harginarentzat, bezero gatibuak eskuratuko baitzituen.

Mendia lantegia zen, eta hara igotzen ziren lanera ikazkinak, artzainak, gaztaina-saltzaileak eta errotarrien harginak. Duela 150 urte dagoeneko gainbeheran zegoen azken lanbide hori, eta horri buruzko informazio gutxi jaso da. Errotarrien harginak mendian bizi ziren, lantzen ari ziren errotarria guztiz amaitu arte. Gaua pasatzeko erabiltzen zituzten txaboletako batzuk aurkitu ditugu, baita haien tresna eta lanabes batzuk ere. Zaila da haien hondakinak dituen harrobia aurkitzea, mendia oso zabala baita. Metodikoki behatu behar da lurra, goroldioz eta beste landare batzuez estalitako errotarri horiek aurkitzeko; izan ere, duela zenbait mende utzi zituzten hor.

Adibidez, apurtutako errotarriak sakabanatuta dituzten zenbait harrobi aurkitu ditut, kota hauetan: 1.440 m (Baigura, Urraulgoiti), 1.300 m (Arroriano, Zigoitia), 1.240 m (Oderiaga, Orozko), 1.235 m (Egide, Anue), 1.025 m (Burgamendi, Barrundia) eta 975 m (Oiz, Berriz). Egiaz, errotarriak ez ziren mendian soilik lantzen, harginek harri egokiak aurkitzen zituzten tokietan baizik, baita itsasertzean ere, Mendexan eta Mutrikun ikertu ditudan hiru harrobitan gertatzen den moduan.

Zortea izan dut; izan ere, mendizale, ehiztari, basozain eta beste laguntzaile batzuek lurra behatzen ikasi dute eta, haien laguntzarekin, aztarna horiek topatu eta errotarriak egiteko erabiltzen ziren berrehun harrobi baino gehiago katalogatu ahal izan ditut, lehen horietako gutxi batzuk soilik ezagutzen ziren arren.

Javi Castro – Etnografia Arloa – Aranzadi Zientzia Elkartea

Para más información sobre el proyecto a nivel europeo puede consultarse http://meuliere.ish-lyon.cnrs.fr/;  o ver video ilustrativo en https://www.youtube.com/watch?v=c0vsQY6jrHU.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~