Etnografia atalak

1-n-32395ska%cc%88rmbild

N-32395 inskripzio errunikoa. Åge Hojem, Unibertsitateko Museoa, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatea, Trondheim.

Eskandinaviako inskripzio erruniko gehienak, bikingoen garaiaren eta Erdi Aroaren hasieraren artekoak, eskandinaviarrez interpreta daitezke, eta beste gutxi batzuk latinez. Hala ere, inskripzio gutxi batzuk, itxuraz enkriptatu gabeko hizkuntza natural batean idatziak, ezin dira itzuli ez eskandinaviarrera, ez latinera. Europa iparraldeko, mendebaldeko eta ekialdeko zenbait hizkuntzarekin (finikoa, samia, mendebaldeko germaniarra, erromantzea, zelta, eslaviarra, baltikoa) lotzen saiatu diren arren, ez dute arrakastarik izan.

Hipotesi bat aurreratuko dugu: inskripzio horiek Ipar mendebaldeko hizkuntza finougriarra ez den hizkuntza ez-indoeuropar batean idatzita daude, eta hizkuntza hori euskara izan daiteke. Dokumentu batzuetan idatziz jasota dago IX. eta XI. mendeen artean espedizio eskandinaviarrak egin zirela Iberiar penintsulara, eta ondoko mendeetan, alde batetik bestera ibili zirela bikingoak, baina ez dago garai horretan euskaldunak Eskandinavian izan zirela iradokitzen duen arkeologia- eta dokumentu-informaziorik. Hizkuntzaz kanpoko lekukotasunen babesik ez dugunez, gure hipotesiak bi oinarri baino ez ditu: (a) inskripzioak ez datoz bat agian garrantzitsuak izan daitezkeen beste hizkuntzekin, eta (b) erregistratutako euskal formekin egitura- eta lexiko-lotura handia dute.

Aztergai dugun kasu zehatza Trondheimen aurkitutako XI. mendearen amaierako inskripzio bat da, N-32395 zenbakiaz sailkatua (Hagland u.g.). “Itxuraz ez du zentzurik” esan zuen Haglandek 2010eko lanean. Honela esaten du inskripzioak: iur lur uki aikuaitu. Funtsezko bereizketa fonetikoak neutralizatzeko joera duen idazketa-sisteman idatzia (adibidez: u = [u], [o], [w], k = [k], [g], t = [t], [d], etab.) eta hamazazpi errunaz soilik osatua, N-32395 inskripzioak, hasiera batean, askotariko hizkuntzatako hitzekin edo mezuekin alderatzeko aukera ematen du. Aurreko saiakeretan loturak bilatzean porrot egin ostean, testuak euskararen lexikoarekin eta egiturarekin loturarik duen eta zer neurritan zehazten saiatuko gara. Lortutako emaitzak laburbilduko ditugu.

Inscription N-32395

N-32395 inskripzioko testua eta transliterazioa.

Iur segida errunikoa *jor erroa izan daiteke, enuntziatu baten aurrean agintera gisa erabilita, eta, era berean, *jori aditz arkaikotik eratorria, jori adjektiboan eta joritu eratorri modernoan gordea. Haren osagarri zuzena lur da. Iur lur konbinazio sintaktikoak euskara modernoko jori-tu lurr-a! ‘ongarritu lurra’ esaldiarekin bat egiten du. Bilakaera historikoaren ondorioz, artikulu mugatua geroago markatzen hasi zela gogoan izan behar dugu. Uki errunikoak ogi euskal hitzaren antza du, berriz ere, eta espero zitekeen bezala, artikulurik gabe ageri da. Aiku bat dator aiko presentatzaile bizkaitarrarekin ‘hara hemen, hara hor, hara han’. Azkenik, aitu segmentuak zenbait baliokide euskaldun ditu. Oraingoz a(d)itu ‘begiratu’ bizkaitarra aukeratuko dugu, agintera iragankor gisa erabilita. Euskararen hipotesia oinarri hartuta, orain arte irakurri ezin zen inskripzioa honela irakurriko litzateke: ‘Egin emankorra lurra eta ogia lortuko duzu’.

Bukatzeko, N-32395 inskripzioan ageri den testuak (1) behin eta berriro errepikatzen diren paralelismoak ditu euskal termino lexikoekin, (2) bateragarritasun fonologikoa du, (3) formak morfologikoki egokiak dira, (4) egitura sintaktikoa kohesionatua dago, eta (5) zentzu semantiko koherentea du. Horrez gainera, mendebaldeko Europako kultura-tradizioko esaerak edo atsotitzak aipatzen ditu.

Stig Eliasson – Mainzeko (Alemania) Johannes Gutenberg Unibertsitateko irakasle emeritua

Jatorrizko testua ingelesez.

Bibliografia.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~