Etnografia atalak

Incursiones vikingas en la península ibérica entre los siglos IX–XI. Reproducido de Haywood 1995

Bikingoen erasoak iberiar penintsulan, IX. eta XI. mendeen artean (Haywood 1995, 58.-59. or.).

Bikingoen garaian (ca. 800-1060), eskandinaviar marinelek iberiar penintsularen iparraldeko, mendebaldeko, hegoaldeko eta ekialdeko kostaldeko komunitate asko suntsitu zituzten. Ondorengo mendeetan, Eskandinaviako kristau elizkoi asko Santiago de Compostelara (Galizia) joan ziren erromes. Baina, posible al da iberiar penintsulako jendea kontrako norabidean joatea, eskandinaviarrekin batera edo, agian, bideko tarte batzuk bakarka eginda? Eta, hala izanez gero, noraino heldu ziren? Artikulu honetan, iberiar penintsularen eta Nidarosen (Norvegiako garai bateko hiriburua, gaur egungo Trondheim) artean XI. mendearen erdialdetik XIII. mendearen hasierara bitarte egon ahal izan ziren lotura linguistiko, arkeologiko eta genetikoen aipamenak jaso ditugu.

Blog honetan lehenago egindako oharpen batean, arreta berezia jarri genuen Norvegiako N-32395 inskripzio erruniko misteriotsu eta ordura arte nabarmendu gabean. Gaur egun Trondheimeko liburutegi publikoa dagoen tokian atera zuten lurpetik inskripzio hori; XI. mendearen bigarren erdialdekoa da eta inork ezin izan zuen interpretatu, ez Eskandinaviako hizkuntzetan, ez latinez. Berrikiago, beste hizkuntza batzuekin lotzeko saiakerak egin dira, baina horiek ere huts egin dute. Alabaina, kasu batean, gure ahaleginen ondorioz, irakurketa nahiko osoa eta koherentea lortu genuen; hain zuzen ere, testua euskarazko aldaera berreraiki batekin alderatu genuenean. Norvegian eta Danimarkan aurkitutako beste inskripzio erruniko gutxi batzuk ere, ustez ulertezinak zirenak, euskaraz interpreta daitezke. Hori ikusita, zilegi da galdetzea ea euskal hiztunak garai hartan Eskandinaviara heldu ziren.

Fragmentos de las tres conchas de peregrino jacobeo más antiguas encontradas en Escandinavia. Cortesía de Åge Hojem, Museo Universitario, Universidad Noruega de Ciencia y Tecnología, Trondheim

Eskandinavian aurkitutako hiru erromes-maskor zaharrenen zatiak. Ezkerretik eskuinera: N-40763 (bi zati, XI. mendearen erdialdea), N-39053 (XI. mendearen amaiera) eta N-39926 (XI. mendearen amaiera). Åge Hojem, Unibertsitate Museoa, Norvegiako Zientziako eta Teknologiako Unibertsitatea, Trondheim.

Badira seinaleak Erdi Aroan Espainiatik Trondheimera bidaiak egin zirela adierazten dutenak, Santiago de Compostelako erromes-maskorrak aurkitu baitira han. Erromes-maskorren lehen aipamena 1106koa da, eta Liber Sancti Jacobi bilduman dago gordeta. Danimarkan, Suedian eta Norvegian ere horrelako maskor asko daude museoetan, baina gehienak ezin dira datatu. Alabaina, Eskandinavian aurkitutako hiru erromes-maskor zaharrenak (N-40763, N-39053 eta N-39926) XI. mendearen erdialde eta amaierakoak dira, eta Trondheimeko liburutegi publikoa dagoen tokian aurkitu ziren, hain justu. Oso urrunekoak direnez, litekeena da hiru maskor horiek ekartzeko nahiko ibilbide zuzena egin izana. Ez digute esaten nork ekarri zituzten (seguruenik eskandinaviarrak ziren), baina Espainia iparraldetik Trondheimerako distantzia luzeko bidaiak egitea posible zela iradokitzen dute.

Cráneo de SK152, cuyo linaje materno es probable que proceda del centro o sur de Europa, posiblemente España. Mediados del siglo XII. Cortesía de Åge Hojem, Museo Universitario, Universidad Noruega de Ciencia y Tecnología, Trondheim

SK152 emakumearen garezurra; litekeena da haren ama-lerroak Europako erdialdekoa edo hegoaldeko jatorria izatea, agian Espainiakoa. XII. mendearen erdialdea. Åge Hojem, Unibertsitate Museoa, Norvegiako Zientziako eta Teknologiako Unibertsitatea, Trondheim.

Aurkikuntza genetiko berri eta harrigarri batek Erdi Aroko Trondheimerako bidaia luzeen hipotesiari eusten dio. Stian Hamre norvegiar arkeologo eta osteologoak oxigenoaren isotopo egonkorraren (δ18O) osaera aztertu du emakume gazte baten lehen haginean eta azkenaginean; SK152 izenez ezagutzen den emakume hori Trondheimen hil zen XIII. mendearen erdialdean, eta gaur egun liburutegi publikoa zegoen tokian ehortzi zuten. Emaitzek erakusten dutenez, emakumea eskualde artiko batean jaio zen, agian Eskandinavia iparraldean edo Errusiako ipar-mendebaldean, eta Trondheimera joan zen 10 edo 12 urte inguru zituenean. Baina harrigarriena da haren ama-lerroaren DNA mitokondrialari egindako beste analisi batean ikusi dena: emakumea H4a haplotaldearen leinutik dator, eta leinu hori, besteak beste, erdialdeko eta mendebaldeko Europan aurkitzen da, nagusiki Espainia iparraldeko eremuetan.

Laburbilduz, Eskandinavian aurkitutako hiru erromes-maskor zaharrenak eta ustez ulertezina den N-32395 inskripzio errunikoa herri berekoak (Trondheim), toki berekoak (liburutegi publikoa) eta garai berekoak (XI. mendearen bigarren erdia) dira, eta litekeena da inskripzioko testua euskarazko aldaera zahar batean idatzita egotea. Are gehiago, SK152 emakume gaztea geroago ehortzi zuten, baina herri berean (Trondheim) eta toki berean (liburutegi publikoa), eta litekeena da ama-lerrotik Espainia iparraldeko jatorria izatea. Hori guztia ikusita, agian aintzat hartu beharko genuke beharbada, egiaz, garai oso goiztiar haietan iberiar penintsulatik Trondheimerako bidaiak egiten zirela.

Stig Eliasson – Mainzeko (Alemania) Johannes Gutenberg Unibertsitateko irakasle emeritua

Bibliografia.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~