Labayru Gaur

0

Mundua zabala da, baina gure inguru txikian mundu bete kultura dagoz. Kultura horreek ezagutzea ezinbestekoa dogu alkarren arteko zubiak eregiteko. Eta bakotxak ospatzen dituan jaien barri izatea modu ona dala pentsau dogu, gizarte edo alkarteon bizimodua eta ohiturak hobeto ezagutzeko. Hori da Mundu bete jai egitasmoaren helburua.

Bilboko Udalagaz igaz egin genduan hitzarmenaren bitartez, sei kulturatako jai bana aztertu dogu. Honeek dira: Kolonbiako kandelatxoen eguna; Mexikoko hilen eguna; Errumaniako Egun Nazionala; Kamerungo Ngondo festibala; islamiarren Eid al-Fitr; Txinako Urtebarria.

Komunidade bakotxarentzat jai hori oso esanguratsua da, barru-barruan daukie, eta euren herritik urrun bizi arren, gure artean be ospatzen dabe, lekuan lekuko ohiturak gurera ahal dan neurrian ekarrita. Mundu bete jai izena ipini deutsagu egitasmoari, mundua hemen dagoala erakutsi gurean. Jaiak nortasunagaz, kultureagaz eta identidadeagaz lotu-lotuta dagoz. Jaiak, gainera, beti taldean ospatzen dira, alkartean, eta herritik kanpora bizi danarentzat bere kideakaz alkartzea are bizigarriagoa da. Hurrengo pausua euskaldunok besteen jaietan parte hartzea izan beharko litzateke, baina horretarako ezagutu egin behar dira eta horretarako lehenengo urratsa da lan hau.

Jai bakotxari buruz bideo bat egin dogu, Bilbon eta inguruan bizi diran lekukoen barriak batuaz. Hurrengo pausoa hori liburura ekartea izango da. Bideoak honezkero ikusgai dagoz gure Youtubeko kanalean.

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.