Urte sasoiak

Informazio gehiago: www.urtesasoiak.com

Euskal Herri osoan urtaroei lotuta egiten diran ospakizun, ohitura, kantu, dantza, siniste, jazkera etab. bildu dira egitasmo honetan. Helburua horreek guztiok egokitu eta plazaratzea da, gizarteari eredu baliagarriak eta irakaskuntzarako erreferentzia egokiak eskainiz.

Egitasmo hau Labayru Fundazioa eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen alkarlanetik sortu zan 1997 eta 2000 bitartean. Orduan hiru euskarritan argitaratu ziran materialak. 2014an, barriz, jatorrizko helburuari eta xedeari eutsita, beste aurrera pausu bat emon eta euskarri guztiak bat eginda www.urtesasoiak.com izeneko webgunea sortu genduan. Bertan erakusten dira bere garaian argitaraturiko testuak, argazkiak, audioak eta bideoak; danak harmonia ederrean.

Material orokorra izanik, irakaskuntzan erabilteaz gainera, era guztietako erabiltzaileengana heldu gura dogu: ikasle, irakasle, ikertzaile, euskaltzale; jakin-mina daukan edozeinengana.

Egitasmo barritu honek, gehigarri interesgarriak ditu: euskarri guztiak aldi berean erabili daitekez gaika aukeratuta, lau hizkuntzatan garatuta dago (euskera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), eta sarean dagoanez, munduko edozein bazterretatik konsultau daiteke.

Herri ondarea

Bide luzea eginda daukagu herri ondarearen bilketan. Hirurogeta hamarreko hamarkadan hasita informazino ugari eta aberatsa batu izan dogu Bizkaia osoan. Azkenengo urteetan batez be bizimodu tradizionalari buruzko herri jakituria irudiz jaso, landu, eta belaunaldi gazteei zabaltzen dihardugu. Honezkero corpus handia agirian dago herriondarea.eus webgunean.

Lehenagotik daukagun ahozko artxiboa maminduaz gainera, ondarearen bilketa sistematikoa egiten gabilz. Lekukoengandik informazinoa jaso, sailkatu, aztertu eta barriro gizarteratzeko bidea osorik egiten dogu.

Teknologiak emoten dituan baliabideak erabili, gizarteratzeko bitartekoak prestau eta eskabidearen araberako materialak argitaratzen ditugu: unidade didaktikoak, lan dibulgatiboak, herrietako monografia laburrak, multimedia produktuak, ibilbide toponimikoak…

Gure gizarteak aldakuntza itzelak ezagutu eta bizi ditu azken aldi honetan. Horrexegaitik inozkorik beharrezkoen da era honetako ikerketak egitea eta ondarea modu egoki eta sistematizatuan jasotzea. Horixe izango da lehena eta geroa buztartzeko bidea eta aurrerantzean transmisinoaren kateari eten barik eusteko modua.

Etnotoponimia

Informazio gehiago: Etnotoponimia on-line

Leku-izenen artean, batzuk zabalera handia hartzen dabe (herria, auzoa…), beste batzuk toki zehatzei jagokez (iturria, soloa…). Izenok askotan fosilduta geratu dira, aspaldiko garai baten, eta aspaldiko informazinoa gordeten dabe. Horregaitik aztertzen da, gure zuztarrak ezagutzeko jakintza-arlo oso garrantzitsua dalako.

Gaur egun euskerarik egiten ez dan lekuetan euskal izenak dagoz, edo iturririk agiri ez dan lekuan Iturrigorri edo antzeko izena. Goikoetxe dagoanean segurutik Bekoetxe edo antzekoren bat egongo dana. Bide, erreka, iturri, etxe, korta, ermita, solo, landa eta abar guztiek daukie izena herritarrentzat, eta ezagunak izan dira jentea alkarregaz komunikatzeko.

Onomastika hori aztertzen aspalditik gabilz, geure metodologiagaz. Artxibo mota guztiak arakatu eta lekukoei ahoz batuta, datu-base handiak ondu doguz hainbat herritan: Basauri, Etxebarri, Lezama, Elorrio, Bedia, Larrabetzu eta Mungian kasurako. Ikerketetako datuak gehienetan argitaratu be egin dira bai liburu moduan, bai mapa moduan, bai unidade didaktiko moduan.

Datuok sarean on-line konsultau daitekez Bizkaiko Onomastika Datutegia deritxon datu-basean. Bertan, leku-izenen idatzizko dokumentazinoa, ahozko datuak, etnotestuak, oharrak eta argazkiak ikusi eta kontsultau leitekez edonondik eta erraz-erraz.

Atlas Etnografikoa

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa José Miguel de Barandiaranek emondako erispideetan oinarritutako lana da eta lurraldeetako ikertzaileek galdetegi bera erabilita egindako ikerketakaz osotzen da. Labayru Fundazioko idazketa taldeari jagoko galdetegietatik batzen dan corpusa atontzea. Idazketa-taldearen lana da monografietan eta aldizkako argitalpenetan datu etnografiko esanguratsuak bilatzea, ikertzaileek bialtzen daben materiala sailkatzea, argitaratuko dan beharra sistematizatzea, testua idaztea eta edizinoa prestetea.

Lan honek ikertutako gaiaren ikuspuntu orokorra emoten dau eta horregaz batera, Euskal Herriko etnografia beste herrialde batzuetakoagaz konparetako erea.

Bildumea osotu ahala, corpus entziklopedikoa sortzen doa. Batez be XX. mendeko bizimoduaren barri zehatza emoten da, Euskal Herriko lurralde guztietakoa.