Labayru Gaur

0

Liburua autonomia erkidego guztietako herri memoriatik egindako ibilaldia da, lurralde bakotxean persona izentauak gidari direla. Horretarako baloreak, jakituria honezkero galdua, umorea, gizatasuna, bizitzaren aurrean filosofía berezia dauken lagun aukeratu ditu egileak.

Emilio Gancedo kazetari eta idazlea Leongoa da, eta martian Palabras mayores. Un viaje por la memoria rural liburua argitaratu eban Logroñoko Pepitas de Calabaza argitaletxearen eskutik.

Liburu horretan urte erdiz autonomia erkidego guztietako herri, auzo eta baserrietan egileak egin ebazan bisiten eta alkarrizketen laburpena jasoten da. Normalean uri handietatik aparteko lekuetan ibili zan. Guztira 25 lagun alkarrizketatu ebazan, gerrako eta gerraosteko belaunaldikoak, gaur egun honezkero galduta dagozan jakituria, baloreak eta jarrera daukiezanak.

Euskadiri buruzko atalean protagonistak Crispín Arregi eta Justa Oregi dira, Sarria baserrikoak, Garai eta Berriz bitartean. Egileak Labayru Fundaziora jo eban barriemaile bila. Zer behar eban ikusita, Akaitze Kamiruagaren bitartez andra-gizon horreengana lagundu jakon Gancedori. Barriketaldi luzea egin eben, ‘La palabra vasca’ atalean jasota dagoan moduan. Tartean hainbat gai suertau ziran: bizimodu tradizionala baserrietan, hartuemonak –gazteen artean, ezkontza–, ganadu beharrak, merkatua…, eta gerra zibileko bizipen-oroitzapenak, batzuk apartekoak guztiz.

Egileari barriemoile biongandik deigarrien egin jakon berbeari zelango garrantzia emoten deutsien; papelik barik, ahoz emondako berbeari emoten jakon balioa. Eta hori dala-ta, ze harrigarri egiten jaken gaur egun arinkeriaz berba egin eta esandakoa beteten ez danean. Atal horretan, hizkuntza literarioa erabilita, euskaldunon izakereagaz lotzen dauen askatasun eta zintzotasun hori jaso gura izan dau egileak, etxe barrurako jarrera eta aldi berean gizarterakoa. Liburu osoan helburu bat izan dau egileak: lurralde bakotxeko jitea jaso eta bertakoen muinera heldu.

Palabras mayores liburuak harrera oso ona euki dau, argitaratu eta hilabetera bigarren ataraldia egin behar izan dabe. Liburua liburudendetan dago salgai, eta Euskadin be aurkezteko ekitaldiak egiteko asmoa dauka argitaletxeak.

www.libropalabrasmayores.com

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *