Labayru Gaur

0
Ruper Ormaza, Koldo Ordozgoiti, Iñaki Goiogana, Adolfo Arejita.

Alberto Onaindia zana gogoan hartu dabe Bidebarrietako liburutegian mahai-inguru baten maiatzaren 24an, Unesco Etxeak eratuta aurrendari nazinoartekoenak ezagun bihurtu guran. Ruper Ormaza moderadore, eta Adolfo Arejita, Iñaki Goiogana eta Koldo Ordozgoiti hizlari dirala, haren biografia, ekarpen historikoa eta artxiboa gai hartu eta hainbat jakingarri garandu dabez: bizitzako ibilaldiak, abade betekizunek nora eroan eben, Agirre lehendakariaren aholkulari zala egindakoak, nazinoartean euki ebazan gorengo mailako hartu-emonak, irrati-gizon aurreratua…

Hiru hizlariok jakitun-jakitunak dira gai horretan eta guztiz interesgarria izan zan saioa. Koldo Ordozgoitik, gainera, irrati-tarteak entzuteko ekarri zituan. Alberto Onaindiaren ahotsa zuzenean entzutea zirraragarria izan zan.

Alberto Onaindiak, eta haren anaia Txominek, Labayrugaz lotura estua euki eben hasiera-hasieratik. Hiltean, biek liburuak Euskal Bibliotekari emon eutsiezan; Iparraldean argitalpenak urteten ebenean liburutegirako lortzen ebezan; Alberto, Sotaren biblioteka Bizkaira ekarteko bitartekari izan zan. Eta horrez ganera, Albertoren artxibo personala Labayrun dago, berak halan aginduta eta senideen oneretxiagaz.

Artxibo zabala da, 88 kaxa guztira. Dokumentuak era askotakoak: gutunak, hitzarmenak, agiriak, informeak, hitzaldiak, Erromara egindako errekurtsoak… Labayrun Edurne Romaratek urteotan gerra zibila aurretxuan hasi eta amaitu osterarteko dokumentuak transkribidu ditu, bost mila dokumentu inguru, gaztelaniaz, euskeraz, ingelesez, frantsesez eta italianoz idatziak, besteak beste. Eta beste hainbeste edo gehiago dago ondino egiteko. Nozedonoz artxiboa argitaratzea komenigarri litzatekela azpimarratu eben danak.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *