1936. urtera arte, Lazkaoko Inauterietako asteartean, Udalbatza mezetara joaten zen, ibilbidean zehar zuriz jantzitako dantzarien konpartsa bat aurretik zuela. Dantzariek erratz bana izaten zuten eskuan eta harekin ibilbidea garbitzeko imintzioak egiten zituzten, eta udaletxera iristean, agintariei eskainitako ohiko zubia egiten zuten haien tresna bereziekin. Ibilbidea garbitzeko ekinbide hori bera ikus daiteke Zuberoako maskaradetan, hain zuzen, Txerreroak (txerri-zaintzaileak) aitzindari taldearen buru doanean egiten duen ekintzan; segizioa zabalduz doa, joan-etorrian dabilela, aldi berean, zaldi-zurdaz egindako erratz bitxia lurrean astinduz. Horrez gainera, Abaltzisketan txantxo izenekoek egiten duten eskean edo puska biltzean ere ageri da mozorro garbitzaile baten irudia, taldearen aurretik doan pertsonaia; hain zuzen ere, makil dantza dantzatuko den espazioa erratzaz garbituko duena.
Urtea hasi bezala amaituko da: gozoki eta alkohol artean, gala- eta etiketa-jantzien artean, konfeti eta serpentinen artean… eta, ahal bada, barruko arropa gorriarekin. Hori bai, Inauterietan, San Joanetan, herriko festetan, Halloween festan, Neguko Solstizioan edo era guztietako jai pribatuetan (kuadrillak, agur-festak, ikastetxeak, etab.) ohikoak diren mozorroak eta maskarak ere ez dira faltako.
Hurbil dago Aratusteen garaia. Hori da Bizkaiko Enkarterrien Inauteriak izendatzeko erabiltzen den terminoa. Izendapen orokor horretatik eratortzen da, hain zuzen, Enkarterriko ekitaldi berezienetako bat: Ostegun Lodiko ikasleen bilketa (gerora, Inauteri asteartera eramana), Aratuste izenez ezaguna. Isildurik edo desagerturik gelditu zen militarren matxinadaren garaian, ondorengo gerran eta diktadura frankistaren garaian. Haurren bilketa hori, herrialdeko gainerako lurraldeetan bezala, ostegunean egiten zen (Ostegun Gizen, Egun Zuri edo Egun ttun ttun izenez ezaguna), eta eskolatik abiatzen zen, bertako irakaslearen zuzendaritza edo ikuskaritzapean; herriko bazterretan ibiltzen ziren denak, eskean. (gehiago…)
Jendaurrean gure presentzia nabarmentzeko moduetako bat zarata egitea da, eta, zenbat eta indartsuago, askoz hobeto. Zuzenean edo zeharka, etengabe ikusten eta entzuten ditugu lapiko-jotzeak, txistuak eta megafoniak, era askotako helburuekin eginak, jarduera politiko baten aldarritik hasi eta lan-arloko gai baten aldeko manifestaziora arte. (gehiago…)