Kategoria: Kategoria gabea

0

Sabino Arana Fundazioak Leopoldo Zugazari izen bereko saria emongo deutso sarien XXVII. edizinoan, euskal kulturari egindako ekarpenagaitik. Leopoldok hainbat kultur erakunde sortzen parte hartu dau, besteak beste, Gerediaga Elkartea, Durango Liburu eta Disko Azoka, Durangoko Arte eta Historiako Museoa eta Zarauzko Photomuseuma.

Labayru Fundazioagaz, eta haren arduradunakaz, lotura estu-estua euki dau hasieratik bertatik. Berak argitaratu ditu Labayruren testu-liburuak hasiera-hasieratik, Derioko Udako Ikastaroetan hasita. Berak diseinatuak dira erakundeak ateraten dituen liburu-bildumak, gaur egun 500 aletik gorako fondoa osotzen dabenak. Beste horrenbeste esan behar da hiru aldizkariez; euretariko batek, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren saria hartu eban diseinurik oneneko aldizkaria izatearren.

Bere bitartekaritzari esker Labayru Fundazioko Euskal Bibliotekak asko ugaritu ditu bere fondoak, bai emaitza bai liburu-erosketen bitartez.

Labayruren ordezkaria izan da Eusko Ikaskuntzan 20 urte baino gehiagoan. Labayruko Artezkaritzako presidentea izan da eta Ohorezko Laguntzailea da.

Zorionak!

0

Abenduaren 22an Bilboko Udalak Karmele Goñi Bilboko Ospetsu izendatu eban.

Karmelek gazte-gaztetatik erakutsi eban etnografiarako joerea. 1953an Jose Migel Barandiaran atzerritik itzuli zanean, Karmele haregaz hasi zan beharren Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnologiako Seminarioan. Aldi berean hasi zan Barandiaranek sortutako Anuario de Eusko-Folklore aldizkarian lanak argitaratzen.

Etnografiaren ikerketarako Etniker Gipuzkoa taldeko kidea da, Etniker Euskalerria taldeen barruan. Bere ekarpenik handiena Zeraini buruz egindako azterketa eta euskal jantzien gainean egindako lanak dira.

Jose Maria Mugicagaz 1957an ezkondu zanetik Bilbon bizi da, eta bertan egin dau bide profesionala. Resurrección Mª de Azkue ikastola sortzen parte hartu eban; eta beste andra talde bategaz batera, aintzindaria izan zan katekesia euskeraz emoten Bilboko parrokietan.

Bizibidez etnografia izan dau lan-esparrua. Euskal Herrian Autonomia Estatutua onartu orduan Museo Etnografikoko zuzendari izandatu eben, gaur egun Euskal Museoa dana. Urtetan jardun izan dau hor beharren, bai materialak batzen, bai bildumak sortzen, bai museoa berrantolatzen.

Labayru Fundazioagaz senarraren bitartez izan eban lehenengo hartu-emona; izan be, Jose Maria Mugica Labayruren sortzailea izan zan eta Artezkaritzako presidentea hainbat urtetan. Labayru Fundazioak Ohorezko Laguntzaile izendatu eban Karmele erakundeari emondako laguntasunagaitik.

 

0

Abenduaren 21ean aurkeztu dau Jabier Kalzakortak tesia Jesus Antonio Cid, Adolfo Arejita eta Charles Bidegainek osotutako epaimahaiaren aurrean. Euskal baladen errepertorioa finkatu eta zabaldu gura izan dau eta zeregin horretan emon ditu bere lan-urteetako ordurik gehienak. Corpus handia be handia biribildu dau. Jesus Antonio Cid epaimahaiburuak esan deutsan moduan, bere lanaren aurrekoa eta ondorengoaz berba egin beharko da aurrerantzean.

Berrogeta zazpi kapitulu, mila eta bostehun orritik gora ondu ditu. Baina ekarpenik handiena da balada-gai bakotxeko berak aurkitu dituan aldaerak, bai kopuruaren aldetik bai berezitasunen aldetik.

Memoria apartekoa dauka Kalzakortak, eta horreri esker, aldaeren arteko loturak egiteko gaitasun berezia dauka.

Lan zoragarria egin dau, gerorako derrigorrez kontuan hartu beharrekoa.

Zorionak!

0

Aurten, bigarrenez, ibilbide bat erakutsiz bideo bat egin dau Labayru Fundazioak Galdakaoko Udalarentzat. Oraingoa Bekea, Arteta, Lekue, Usansolo, Labeaga eta Urgoiti auzo eta auzuneak erakusten dira. Bideoak erakusten dauen bidea egiteko deia egin dabe Udaletik abenduaren 20rako. Taldetxu batek bidea egin eta gero, bideoan agertzen diran lekukoei eskertu egin deutsie parte hartu izana. Aurkezpenean hainbat jente batu da.

Bideoaren helburua lekuotako ondarea erakustea da: ermitak, jaiak, ospakizunak, lanbideak, lekuen izenak, soloak, lurragaz eta abereakaz lotutako beharrak, ohiturak eta siniskerak… zer ez!

Bideoa sarean ikusi ahal izango da laster, bai Udalaren bitartez bai Labayru Fundazioaren Youtubeko kanalean.

Lan hau, aurretik Elexalde auzoari buruz egindakoaren moduan, Zuztarretatik ahora egitasmoaren barruan sartzen da.