Etnografia atalak

0

Ardatzeko (Itzagaondoa, Nafarroa) San Salbatore ermita; bere teilatua duela hamarkada batzuk zaharberritu zen Aizpeko teilak erabiliz. Fernando Hualde.

Lanbide asko desagertu egiten dira; garai berriek errukirik gabe eramaten dituzte aurretik. Pixkanaka-pixkanaka, lan horiekin batera lantokiak ere desagertu egiten dira; eta, batzuetan, baita lantoki horiek dauden herriak eta horren guztiaren lekuko diren pertsonak ere.

Horixe gertatu da, hain zuzen, Urraulbeitin zegoen Aizpeko teileriarekin. Jada ez daude bizirik han teilak egiten zituztenak, ez dago teileriaren arrastorik, ez da herriaren aztarnarik ere geratzen, eta duela hilabete gutxi zendu da toki haren oroitzapenak gordetzen zituen azken lekukoa.

Bai, inguruko herrietan behintzat, badira oraindik etxe gutxi batzuk teilatuak Aizpen eskuz egindako teilekin estalita dituztenak.

Batzuek, horrelakoak garelako, teila horietako bat bildu eta gordetzeko apeta izan dugu; eta, are hobeto, inguru haren, teileria haren eta teilagin haien oroitzapenak bildu eta gordetzeko nahia ere izan dugu. Ez nuen beste alde batera begiratu nahi izan, ikusi eta egiaztatu nuenean bai oroitzapenak, bai jendea, eta baita, kasu honetan, giza paisaia ere lausotu egiten zituela denborak. Nire erantzukizuna ere bazela sentitu nuen, leku haren oroitzapenak, guztiok bezala, paseko hegaztia zen pertsona bakarrean oinarritzen zirelako; beraz, teilaginarengana jo, bideo-kamera aurrean ipini, eta teileriaren, teilaginen eta haiek erabiltzen zuten teknikaren berri kontarazi nizkion. 1949an desagertu zen teileria.

Aizpeko (Urraulbeiti, Nafarroa) teileria. Autorearen kortesia.

Salvador Fuertes Goñik, Indurainen (Itzagaondoa) jaioak, agur esateko astirik gabe utzi gintuen konfinamendu betean geundela. Haren heriotzak agerian utzi zuen, berriro ere, funtsezko belaunaldi baten oroimena zaintzeko beharra eta garrantzia.

Salvadorri esker geratzen zaigu teileria hartan bizi izandakoen oroitzapena:

Teileria zeraman familia Alicantekoa zen, eta irailetik martxora bitartean han egoten ziren, turroiaren kanpainan; martxotik irailera, berriz, Aizpen, teilak, adreilu trinkoak eta lurrezko adobeak egiten.

Lurra 200 metro gorago hartzen zen, Gergetiaingo haitzari begira; buztin-lurra zen. Oinarritik irekitzen ziren egurrezko kartoletan garraiatzen ziren astoz.

Adobeak egiteko, buztin-lurra egurrezko ganbeletan sartzen zen, eta garia jotzeko makinatik ateratzen zen bezalako lasto xehe-xehearekin nahasten zen gogotik; gero ganbelea zarpiatu egiten zen, olana bat jartzen zitzaion azpian, eta blokeak ateratzen ziren, adreiluen antzekoak. Bloke horiek airean eta eguzkitan lehortzen ziren, ez ziren eta labean sartzen; eta, noizean behin, alboz aldatu behar izaten ziren.

Teilak egiteko, putzu modukoak hondeatzen ziren lurrean; hara isurtzen zen buztina, gero ura botatzen zitzaion, eta oinekin gogor zapaltzen zen dena, ora prestatzeko. Eta ora horrekin egiten ziren teilak. Bidearen parean teilatutxo luze bat zegoen, eta euria egin arren ere, bertan jartzen zituzten lehor zitezen; eta eguzkia ateratzen zenean, zelaigunean jartzen ziren, teileriaren aurrean, binaka, zutik, bata besteari dautsala.

Teilak egosi egiten ziren, zeramika-labean; behealdetik egurrez kargatzen zen, normalean ezpelez. Eta goialdean egoste-ganbera zegoen; han jartzen ziren teilak, binaka, zutik, bata bestearen kontra, teila-parea alde zabalaren gainean, eta hurrengoa alderantziz, lekua ondo aprobetxatzeko. Eta noiz egoten ziren egosita? Bada, beheko ganberako sugarrak goiko ahotik ateratzen zirenean.

Fernando Hualde – Labrit Ondarea

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Halaber, interesgarria izan daiteke Daniel Rementeriaren Teilaren sinbologia tradizionala izeneko artikulua.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~