Etnografia atalak

0

Herriko agintariak Arantzazun. Arratia, 1919. Egilea: Indalecio Ojanguren.

Euskaldunon egutegian, ondo markatutako data da irailaren 29a, Done Mikel ohoratzen baita, gure zaindaria, zeruko goiaingeruen artetik ezagunena eta gudazaleena.

Baina, era berean, data hau ezaguna zen zituen ondorio praktikoengatik, herri-kulturan nekazaritza urtearen amaiera mugatzen zuen zedarria zelako. Beste modu batera esanda eta denboran atzera eginez, uda eta udazkena mugatzen dituen ekinokzio astronomikoari dagokion ospakizun kristautua da.

Horregatik, egun horretan, toki askotan, hasiera eguna izaten zen herri-basoetan orbela edo iratzeak biltzen hasteko, neguko larreetan artaldeak sartzeko, burdinola edo elur-zuloen egokitzapen lanak hasteko; errotak, tabernak edo etxebizitzak alokatzeko kontratuak berritzeko. Edo, beste bitxikeria batzuen artean, herrietako kargu publikoak berritzeko.

Hala egiten zen Laudio Ibarrean ere, Araba eta Bizkaiaren arteko mugan, eta hurrengo San Migel egunera arte agintean iraungo zuten alkate biak hautatu egiten ziren.

Horretarako, herritarrei luzatzen zitzaien batzar-deia inguruko mendietatik deituz eta kanpaiak joaz. Batzarrak elizaren atarian egiten ziren, Batzalarrin [batzarra + larrin] izeneko tokian, «eliza-atean», hain zuzen ere, nekropoliaren gainean, defuntuen hilerrian; ustez, arbasoen begiradapean bermatuko zelako gauzak ahalik eta zorrotzen eta errespetu handienaz bideratuko zirela.

Izan ere, garai hartan, gure hilerriak herriko ingurune zibil ezagunenak ziren, bizien eta hildakoen arteko topaleku eta elkarbizitzarako ingurunea. Aldi berean izaten ziren hileta-espazioak, merkataritza-jardueretarako guneak, aisialdirako eta gizarte zereginetarako lekuak. Horregatik, denborak aurrera egin ahala, arkupeekin estali ziren erabilera sozialeko toki horiek.

Udal batzarrak eta Laudioko karguen aukeraketa Batzalarrinen zegoen zuhaitz handi eta solemne baten inguruan burutzen ziren. Geroago, haren azpian harlanduzko harrizko mahai bat jarri zen, tokiari garrantzi handiagoa emateko edo. Mahai horiek pielarri izenaz ezagutzen ziren, hau da, fiel + harria [mahaia].

Eleberri batekoa dirudien ingurune hartan, irailaren 29 guztietan aukeratzen ziren tokiko gobernua zuzenduko zuten alkate biak, baita beste kargu batzuk ere. Hautaketarako kobrezko ontzi bat erabiltzen zen, eta bertan kaskabilo moduko batzuk sartzen ziren, euren barruan eta paper batean idatzita, garai hartako indar politikoen hautagaitza biak gordetzen zituztenak: edo herriko Ugarte leinuaren aldekoa zen, “ganboatarra” edo Anuntzibai aukerakoa, “oinaztarra”. Haur baten esku errugabea erabiliz, zozketaz ateratzen zen hautagai-zerrenda irabazlea. Karguak (alkate eta epaile arrunta, erregidore bi, prokuradore nagusia, ermandadeko alkatea eta fiel bi) geroago baliozkotuko ziren, Domu Santu egunean, azaroaren 1ean, leku hartantxe, hildako arbasoen aurrean egindako zinaren bidez (zin + egotzi: ‘zinegotzi’).

Gaur egun ez da ezer geratzen “ohiko lekuan” eta “…euskal hizkuntza arruntean azalduz…” egindako batzar haietatik. Ez zuhaitza, ez harrizko mahaia. Ezta euren oroimen txikiena ere. 1841. urteaz geroztik, antzinako toki-antolaketako sistemaren funtzioak guztiontzat desagertu zirenean, betiko galdu ziren kontzejuak, ermandadeak, elizateak edo Laudio banatzeko erabiltzen ziren kuadrilla historikoak: Olarte, Larrea, Goienuri eta Larrazabal.

Horrela, 182 urte geroago, lanean ari gara galdutako edo agian ostutako memoria hura berreskuratzeko. Horretarako onena izan daiteke irailaren 29an, Done Mikel egunean, minutu bat ematea Batzalarringo arkupeetan. Edo, gure irudimena aske hegan utziz gero, nahi dugun beste edozein euskal udalerritan. Eta han izango dira hildakoak, beste behin, horren guztiaren lekuko.

 

Felix Mugurutza

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~