Etnografia atalak

0

Iride Agirre. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Lehenik eta behin, euskal lurraldeari dagokionez behintzat, ustezko ohitura bitxia, zaharra eta polemikoa dela esan dezakegu couvade deritzona —frantsezeko couver ‘inkubatu, txitatu, hazi’ aditzetik eratorritako izena—.

Gaztelaniazko Diccionario de la lengua española hiztegi arautzaileak dionez, Asia eta Ameriketako paraje batzuetako ohitura bizia da covada izenekoa, eta, garai batean, Espainiako iparraldean ere jaso omen zen: seme-alaba bat izan ondoren, aita oheratu egiten zen haurrarekin batera, eta hark erakartzen zuen etxekoen arreta, ama eguneroko zereginetara itzultzen zen bitartean. Britannica ingeleseko entziklopedia orokorrak, bestalde, duela gutxiko edizio batean, euskaldunei eta brasildarrei egotzitako ohikune bezala deskribatzen du.

Iraganeko idatzizko iturri batzuen arabera, garai batean, gure herrialdean ere indarrean egon zen, baina orain arte behinik behin ez dago horren frogarik.

Estrabon geografo greziarraren testu bat oinarritzat hartuta, Juan Antonio Zamácola XIX. mendeko historialariak zioen ohikoa izan zela behinola euskaldunen artean jaioberriak hartzen zuen lehen izerdia edo berokia aitarena izatea, bere sortzaileen umore eta espirituarekin identifika zedin. Baina gauza jakina da Estrabon ez zela inoiz Euskal Herrira etorri; hortaz, beste bide batzuetatik iritsi zitzaizkion albisteez idatziko zuen. Caro Barojak, berriz, uste zuen Zamácola bera ere ez zela bere zehaztasunagatik bereizten, eta, beraz, beraren baieztapenak zuhurtziaz hartu beharrekoak zirela. Dena den, Barojak ere ez zuen erabat baztertu couvade delakoa gurean XVIII. mendera arte gorde zitekeenik.

Madrilgo Ateneoak XX. mendearen hasiera-hasieran egin zituen inkestetan, berariaz galdetu zen gaiaren inguruan. Hartan ere, Bizkaiko Gernika hiribilduko Eugenio Zamora medikuak erantzun zuen oso antzina, Euskal Herrian, bazegoela ohitura hori, baina guztiz desagertu zela. Edonola ere, hitz horien egiazkotasuna urria da, eta zalantzan jarriko ditugu, esandakoa ez zen-eta inolako dokumentazioarekin edota bestelako euskarriren batekin lagundu.

Inkesta horietan adierazten zen aspaldiko usadioa zutela Asturiasko kontzejuren batean, eta baita Eivissa uhartean ere: erditzerakoan, gizona ohean sartzen zen, emakumearen ondoan, eta salda katilukada beroak hartzen zituen hark bezalaxe, seintxoa tartean zela. Kanarietako herri batzuetan ere ezagunak ziren horren antzekoak; hala nola, zorrocloco erritua.

Laburbilduz, esan liteke euskaldunon artean ez zela haurgintza partekaturik ez holakorik existitu. Are gehiago, José Miguel de Barandiaranek hartu ere ez zuen aintzat hartu berak eta sortu zituen taldeek beren ikerketa etnografikoetan erabiliko zuten galdetegian. Izan ere, behean aipatutako bibliografian ageri den azterlanik osatuena Justo Garaterena da, couvade delako horren aurkaririk amorratuenetarikoa, hain justu.

Segundo Oar-Arteta – Labayru Fundazioa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus Euskal Herriko Atlas Etnografikoa obraren Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara liburukia. Ikus, halaber, Justo Garateren “La covada pirenaica. Patrañas y fantasías” in Eusko Ikaskuntzaren Saileko Koadernoak. Antropologia eta Etnografia, 2. zk. Donostia, 1984.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~