Etnografia atalak

Chabola de la Hechicera. Al fondo, la sierra de Toloño. Elvillar (Álava), 2017. José Ángel Chasco

Sorginaren txabola. Atzealdean, Toloñoko mendilerroa. Elvillar (Araba), 2017. José Ángel Chasco.

Sustapen Ministerioak ebazpen bat argitaratu berri du, Geografia Institutu Nazionalaren bidez, jakinarazteko Toloño dela Bastidatik (Araba) San Vicente de la Sonsierran (Errioxa) barrena Lapoblacionera (Nafarroa) doan mendilerroaren izen ofiziala. Ebazpen irmo eta behin betikoa da, eta hiru hamarkadako eztabaida eta liskarrei amaiera emango die.

Izendapen horren funtsean, arrazoi etnografiko, kartografiko, artxibistiko eta literarioak daude. Azal dezagun, labur-labur, izen hori emateko zer argudio etnografiko dauden.

Hala zeritzoten Arabako Errioxako eta Mendialdeko nekazariek, gure guraso eta aitona-amonen belaunaldietakoek, bereziki. Izan ere, Toloñoko haizeak jo zain egoten ziren Moredan, larrainean garia jotzeko, lastoa eta garia bereizteko.

Historikoki eta kulturalki, Toloñoko mendilerroak lotzen ditu, bizkarrezur baten modura, Arabako Errioxako eta Mendialdeko lurraldeak. Mendilerroko mendietan, bi isurialdeetako herriek partekatutako elementu eta espazio komunak ditugu: tradizioak, sinesteak, partzuergoak, bazkalekuak eta mendiak ustiatzeko eskubideen komunitateak…

Viñas al pie de la sierra de Toloño. Elvillar (Álava), 2017. José Ángel Chasco.

Viñas al pie de la sierra de Toloño. Elvillar (Araba), 2017. José Ángel Chasco.

Samaniegoko bizilagunek Toloñoko mendilerroaren magaletan bildutako izpiliku azaotxoak erretzen dituzte Sortzez Garbiaren bezperan, festaz eta bozkarioz. Herrerako mendatera ere igotzen dira, mendilerroaren goreneko gunera, Jesu Kristo berpiztuaren prozesio-andak apaintzeko hilezkortasunaren sinbolo diren hagin-adarrak moztera. Judas epaitu eta hiltzearena bezala, Pazko Igandeko ohitura da.

Artzainak Toloñoko herri-lurretako bazkalekuetan ibiltzen dira beren artaldeekin. Biasteriko eta haren Lurreko Hermandadearen mendia zen antzina, historikoki Biasteriko hiribilduaren parte izandako Arabako Errioxako herri guztien jabetzakoa, Nafarroako errege Antso VI.a Jakitunak 1164an emandako hiri-gutunaz geroztik. XVI. eta XVII. mendeetan herrixkak hiritik independizatuz joan ziren, esparru guztietan, herri-lurren gozamenekoan izan ezik: ez zituzten banatu; aitzitik, hiribildu berrien ondasun komun modura kontserbatu zituzten beren mendiak.

Mendilerroaren alde bietako artzainek ohitura zuten Toloñoko Maiatza altxatzea. Zuhaitz-enbor bat zen, eta beren artzaintzako, artaldeekin joan-etorriko, uren ustiapeneko eta egur egiteko eskubideak gauzatzen ari zirela ekaitzetatik babes zitzan altxatzen zuten.

Inguruko herrien erlijiotasuna mendilerroan kokatutako santutegi komunetan adierazten zen. Mendebaldean, Toloñoko Aingeruen Andre Mariarena zegoen, eta ekialdean, San Tirtsoko ermita eta Okongo Ama Birjinaren santutegia. Espazio sakratu horien inguruan biltzen ziren gurtza erlijiosoa, erromeriak, prozesioak eta erreguteak.

Arabako Etnografia Mintegiko, Euskaltzaindiko eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntz Politikarako Saileko kideek Toloñoko mendilerroa izena berreskuratu eta haren erabilera normalizatu dute, eta horri esker saihestuko da garai bateko hitz jatorrak denboraren poderioz ez galtzea.

José Ángel Chasco – Etniker Araba – Grupos Euskalerria Taldeak

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu: Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa e Historia de nuestros nombres de lugar: la sierra de Toloño, biak José Ángel Chascorenak eta 2017 argitaratutakoak.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~