Labayru Gaur

0

Apirilaren 27an jardunaldia egin da Mintzolan, Villabonan, Euskal kantutegia sarean jartzearen onurak eta premina ikuspegi askotatik eztabaidatzeko. Artxibo-lanean, ikerketan, irakaskuntzan, kantuan, musika-gaietan behar egiten daben adituek parte hartu dabe, lurralde guztietakoek ganera.

Euskal kantutegia zabala da, eta emonkorra. Gaur egun leku askotan kontsultau daiteke, baina sarean zeozelan batzeko modurik egon daiteke? Informazino guztiak erraz aurkitzeko moduan egotea lagungarria izango litzateke irakaskuntzan kantuak erabili gura dabezanentzat, edo kantuen barri euki gura dabenentzat. Zelan bideratu hori? Zer jaso beharko litzateke atari horretan? Zelan? Ze bitarteko informatiko izango litzateke egokiena?

Labayru Fundazioak ibilbide luzea egin dau arlo horretan. Herri literatura eta etnografia arloak lantzean, kantuak izan dira aztergai sarri-sarri. Kantuak batu, aztertu eta argitaratzen lan handia egin izan dogu, herri-tradizinoko gaietan. Izan be, gure helburua beti da herritik jasotakoa barriro gizarteratzea. Horregaitik jardunaldian Labayruren ikuspegiak bere lekua hartu dau.

Hainbat galdera eztabaidatu doguz, ikuspegi oso ezbardinetatik, helburu bakar batera begira. Berez, artxiboaren ikuspegiari begira egon da jardunaldia, baina hurrengo pausoa be mahai ganean egon da: zelan emon zabalkundea kantuei eta transmisinoa ziurtatu, irakaskuntzan, abesbatzetan eta abar.

Gaia zabalik geratu da, gogoetan aurrera egiten joateko danon artean. Oso interesgarria da esperientzia, abiapuntu eta ibilbide ezbardinetako personen arteko alkarrizketa. Denporeak esango dau noraino helduko dan egitasmoa, baina bidea hasita dago.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *