Labayru Gaur

0

Urteroko hitzorduari erantzunez, abenduaren 7tik 11ra, Labayru Fundazioa Durangoko Azokan egongo da, 2022an arlo desbardinetan egindako lanaren emaitzak aurkezten.

Aurten hiru nobedade dakarguz: Munduenea, Munduko ipuinen etxea; Geu be bagara itsasoa; eta Non eta Bilbon.

Munduenea, umeentzako ipuin-bilduma barria da, eta kulturartekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna lantzea dau helburu nagusia. 6-10 urteko umeentzako kontakizunak dira munduko 10 kulturatako lekukoei jasoak. Ipuinak jatorrizko hizkuntzan eta euskeraz dagoz eta irakurteko zein entzuteko aukera emoten deuskue. Bilduma osotzen daben 10 hizkuntzak honeexek dira: arabiera, errumaniera, frantsesa, galegoa, jorubera, katalana, portugesa, txinera, urdua eta wolofera.

Geu be bagara itsasoa egitasmoak itsasoagaz lotuta emakumeek egin dabezan lanbideak eta euren bizimodua aztertzen dauz. Informazinoa Bizkaiko kostaldeko herrietako lekukoei bertatik bertara batutakoa da. Atalez atal sareginak, arrain-saltzaileak, enpakadoreak, neskatilak, arrain-fabriketako beharginak… ezagutzeko modua izango dogu. Emakumeok hamarkada askotan egindako lan isila ezagutarazotea da lan honen helburua. Ikerketaren emaitza euskarri bitan aurkezten da: liburua eta bideoa. QR kodeen bidez, liburuko kapituluetan gai bakotxari jagokon ikusentzunezkora sartu daiteke.

Non eta Bilbon liburua Bizkaiko uriburuko leku-izenei buruzko artikulu-bilduma da. Hainbat egilek 40 testuko sorta bat osatu dabe era askotako jakingarriak batuta. Bilboko toponimoak ezagutu eta zabaltzeko helburuagaz sortu da argitalpen hau. Toponimiak informazino asko emoten deusku tokien ganean; eta Bilbo gaur egun sano aldatuta badago be, behinolako uria zelangoa zan jakiteko zantzuak aurkituko dauz irakurleak lan honetan.

Labayru Fundazioaren standa Artekale 48an egongo da. Erduze bisita bat egiten!

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.