Labayru Gaur

0

Aurtengo Durangoko Azokan nobedade moduan Laura Urubururen nobela barria erakutsiko dau Labayru Fundazioak.

Amodio-kantu zahar baten kopla guztiz ezagun bat dau izenburutzat, Laura Uruburu Totorikaguena idazleak plazara dakarren elaberri barri honek: Katigatu ninduzun librea nintzena.

Labayru Fundazioak argitaratu dau, euskal narratibari eskainia dauen Urbegi sortan, bildumako hirugarren alea egiten dauela.

300 orrialde beteko elaberria da, zati nagusi bitan banatua, eta zati bakotzaren izenburutzat, euskal errefrau baten osagai bana dituela: Aurreak erakusten du / atzea zelan ibili. Narrazinoa zortzi kapitulutan atalkaturik dago, bakotxaren izenburutzat aste-egun jarraikoen izenak dituela: igandetik igandera.

Amodioa, elaberri honetan, ez da neska-mutil edo andra-gizonen artekoa, ama-semeen artekoa baino. Umetxo baten heriotzagaz hasten da istorioa, eta gertaera triste eta lazgarri horrek, amaren, Elba eleberriko protagonistaren bizitza erabat asaldarazten dau, eta bihotza eta emozinoen mundua astintzen deutsoz era bortitz baten. Noraezean ikusten dau bere burua herstura eta egonezinean; ahalmenik gabe modu galduan, zorigaitzezko zirrara eta hunkipenen ekatxean.

Orduan, bizi dauen zoritxarraren zergati baten bila, baina batez be, grina gogorraz bihotz-barruko baretasun eta lasaitasun bila, bere bizitzako haritik tiraka hasten da, bere lehenari, bere iraganari ateak zabalduz, eta atzera eta aurrera oroitzapenetan murgilduz.

Oraina eta lehena, sentimentu eta bizipen-olatu handietan gora eta behera, amesetan nahiz izarrean, denboralean zein barean, libre eta katigaturik, libre eta gatibu aldi berean, amodioan eta desamodioan. Ameseta eta errealidade, aurre eta atze, gau eta egun zenbait argi-ilun; maitasunean eta maitasun ezean negar eta barre, hodei eta ostarte; tentaldian eroriz, ahal bezainbat haragizko jolasetan, euri eta ateri, lehor edo berde bizi, agor edo busti.

Aurreak erakusten dauelako atzea zelan ibili… istorioaren sekulako aurre bikain zoragarri bat erakutsiko deuskuz nobelak lehenbizi, eta hala beharrez, ustebako atze erogarria azkenez.

Liburuaren azal biak, aurrekoa eta atzekoa, ilustrazino bakar batez apainduta dagoz, elaberriaren edukiagaz zerikusi estua daukien motiboak gaitzat harturik, Markel Urrutia ertilari berdinbakoak sortua.

Idazlea emakumea izanik, protagonista dauen emakumearen, Elbaren, barne-mundua sakon-sakonetik profildu dau idazleak, tirabira, gorabehera, atzera-aurrera eta itxurazko kontradizino askoren irudikapenaz.

Laura Uruburu, Filologian lizentziatua da, psikologian asko ikasia, gaur egungo munduko literaturaren ‑bereziki europar eta asiatarraren‑ irakurle handia. Euskal literatura mundura gazterik aurkeztu zan, Dalila elaberriagaz (1986). Idazleak bigarren nobelea dau, beraz, Katigatu ninduzun librea nintzena titulutzat daukan hau. Lehenengoa baino askoz luzeagoa batetik, baina luzaro eta astiro egosia eta landua bestetik, bai sorkuntza literarioaren aldetik, bai hizkuntzaren aldetik.

Irakurleak, behin irakurten hasi ezkero, ezin izango deutso azkena ezagutu arte irakurteari itxi. Irrikaz eta gogoz irakurriko dau, eta darabilen euskal hizkera aberatsa eta joria gozatu.

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.