Bizkaiera idatzirako jarraibideak

Informazio gehiago: www.bizkaiera.eus

Ahoz erabilten dogun hizkuntza ez dago osorik gure gramatika eta hiztegietan jasota. Hori dala-ta, berbaz esaten ditugun hainbat esamolde idatzira ekarteko zubi-lana egiten dihardugu. Gramatika aldetik Bizkai euskeraren jarraibide liburua I eta II dira lan horren emaitza. Eta Labayru Hiztegia lexikoari jagokon arloan erreferentzia dogu.

Aitatutakoez ganera, testu corpusak, ahozko lekukotasunak, bibliografia eta ostantzerako informazinoa batuta dagoz www.bizkaiera.eus webgunean.

Euskera hizkuntza bakarra da, baina baditu han eta hemengo erabileretan ezaugarri bereziak. Guk mendebaldeko bizkai euskeraren barruak aztertzen eta erakusten lan handia egin dogu, geure inguruko hiztunen eta idazleen berbakerari eta idazkerari erreparatuta. Ahozko aldaera ugariek aberastasuntzat hartu behar dira, baina idazteko orduan argitu beharreko arazoak sortzen dabez.

Alfabetatzeko eskolak emoten hasi zanetik, arlo hau aztertzen eta bide bat finkatzen dihardu Labayru Fundazioak. Gramatika-oharrak liburu bitan jasota dagoz, Bizkai euskeraren jarraibide liburua izeneko argitalpenetan. Deklinabidea, aditza, joskerako esaldi sinpleenak lotzeko moduak eta abar azaltzen dira bertan. Berba, berba-kate, esamodu eta esakeren arloan, Labayru Hiztegiak asko eta asko batu ditu, euskeraz idazten dabenek hortik hornidu ahal izateko.

Euskara batuak leku baten eta bestean egiten diran euskeretatik edan behar badau, euskera horreek jaso eta lantzea ezinbestekoa da.

Hiztegia

Hiztegi elebiduna, hiztegi fraseologikoa.

Lexikografia, hiztegigintza, urte luzeetako ibilbidea egin dauen egitasmoa da Labayru Fundazioan. Hitzak eta hitz-kateak zelan erabilten diran aztertzen da egitasmo honetan, esangura guztiak eta esaldi-kontestu guztiak kontuan hartuta.

Labayru Hiztegia zuztar handiko egitasmoa da Labayru Fundazioan. Hiztegi elebiduna da, euskera-gaztelania eta gaztelania-euskera bideak jorratu ditualako, eta arauemoilea be bai, neurri baten, behintzat, mendebaldeko euskerea berorrek finkatu dauelako. Bizkai euskerearen lexikorik handiena zehaztu dau Labayru Hiztegiak, euskera batuagazko lokarriak ugarituaz eta estutuaz bide batez. Horretarako, herri-euskerea ardura bereziaz batu eta aztertu dau, idatzizko iturririk esanguratsuenakaz batera. Hagaitik ba, euskera zehatza, naturala eta ugaria behar dauenak, bizkaieraz nahi batuaz gura izan, Labayru Hiztegia dau hiztegirik erazkoena.

Arlo honetan beste egitasmo batzuk be bidean dira. Esamoduen hiztegia, kasurako, hiztegi fraseologikoa. Esamoduak sortzen dira, berba kate jakin batek esangura adierazgarri berezia hartzen dauenean. Ideia bat adierazoteko moduak, hizkuntza batetik bestera berba kate diferenteakaz adierazoten dira. Esamodu hiztegi hau, gaztelania-euskera hizkuntzen arteko parekotasunak emoteko ahalegin bat da.

Gure hizkuntzaren berba guztiak zehe-zehe garanduta ditu Labayru Fundazioaren lexikografo-taldeak: berbak eurak baina baita horreen aldagaiak be, esangura guztiak eta euron kontestuak, adibideak, zehaztapen estilistiko nahi gramatikalak, sinonimoak, etab.

Euskal Biblioteka

Katalogora sarrera: Euskal Biblioteka online

Euskal Biblioteka Labayru Fundazioaren jatorrizko proiektua da. Euskal gaiekin lotutako liburutegi zabala da, ikerkuntzarako ezinbestekoa dana. Euskal kulturarekin zerikusia daukien liburuak dagoz bertan, edozein hizkuntzatan idatzita eta gai askotakoak: literatura, linguistika, zuzenbidea, historia, etnografia, geografia, musika…

Euskal Biblioteka izenagaz sortu zana, gaur egun dokumentazino-zentro integrala da, euskarri mota guztietako dokumentuak gordeten ditualako. Liburuetan 62.706 monografia ditu, batzuk beste inon ez dagozanak; hemeroteka moduan onenetakoa da gure inguruan; gainerako paper xumeetan be ugaria da, liburuxkak (13.104), kartelak (ia 90.000), mapak eta beste edozer dala. Argazki-artxibo ikaragarria be badauka: antxinako argazki zein postalak, 16.000, eta gaur egungo argazkiak, 140.000 baino gehiago. Ikus-entzutekoen artean, audio eta bideo grabazino asko eta asko gordeten ditu, ondareagaz eta etnografiagaz lotutakoak asko, herri literatura batzeko ahaleginetakoak beste asko, eta osterantzekoak (ekitaldiak, gizarteko ekintzak…). Horreen artean aitatzekoak dira kultur ondareko 1797 bideo, ahozko artxiboko 508 audio eta Batarrita artxiboaren 1636 DVD.

Gehiena katalogauta dago, eta katalogoa sarean ikusgai dago, gura dauenak edozein lekutatik konsultau ahal izateko.

Euskal Bibliotekak beste liburutegi batzukaz batera lan egiten dau, materialak trukatzeko, bildumak osotzeko eta orokorrean informazinoa alkartzeko.

Eusko Jaurlaritzak erreferentziako liburutegitzat izentauta dauka.

Argibideetarako: euskalbiblioteka@labayru.eus

Literatura

Informazio gehiago: argitalpenak.labayru.eus

Idazle klasikoen idazlanak, sorkuntza barria, herri literatura.

Euskal literaturako idazlan klasiko zein barriak landu, gaurko irakurleen hizkuntza-erispideetara ekarri eta argitaratu ditu Labayru Fundazioak. Gure hizkuntzaren tradizinoa ezagutzeko, gure idazleen lanak irakurteko moduan eukiteko, eta hurrengo belaunaldiei gure iragana eta oraina erakusteko bide bat da. Prosa, poesia, bertso, herri-kantu eta ipuinak, sorkuntza, itzulpenak… era guztietako lanak landu eta gizarteratu ditugu. Batzuk idazle ezagunak (Domingo Agirre, Kirikiño, Lauaxeta…), beste batzuk han-hor-hemen idazlanak sakabanatuta itxi dabezanak (Mañariko, Sorne Unzueta…); batzuk edizinoak agortuta eta eskuratzeko gatxak zirenak eskura ipinteko, beste batzuk barrien barri egindakoak…

Hainbat bilduma edo liburu sorta hornidu doguz, gaiaren arabera. Kasurako, Sutondoan sortan XX. mendeko idazle klasikoen lanak sartzen dira; Arragoa idazle klasikoagoen lanen edizino facsimilen bilduma da; Jareinekoak XVI-XVII-XVIII. mendeetako idazlan klasikoen edizino kritikoak dira; Laratz izenekoak herri-literaturako errepertorioa jasoten dau; Galburua sorkuntzako idazlan barri baina laburrak argitaratzeko sortu zan; Urbegi be sorkuntzako lanetarako da, baina luzetxuagoentzat; literatur aldizkari bat be argitaratzen dogu joan dan mendeko 80ko hamarkadatik hona, Idatz & Mintz Literatur Atalen Sorta.