Labayru Gramatika euskal gramatikaren arloan Labayru Fundazioak garatutako egitasmorik zabalena eta sakonena da. Mendebaldeko euskera aztertzea eta finkatzea dau helburu, eta oinarri nagusitzat ditu Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburua: Lehenengo pausuak (2001) eta Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburua: Bigarren pausuak (2005). Urteetan, eten barik jardun dogu edukiak zuzendu, osotu eta aberasten.
Lan honen xedea arauak emotea ezeze, testuak sortzeko eredu eta baliabide erabilgarriak eskaintzea be bada, euskeraz diharduen idazle, irakasle, kazetari, itzultzaile eta gainerako erabiltzaile guztientzat. Hau da, helburua hiztunari tresna egokiak emotea da, gaur egungo hizkera adierazkorra, zuzena eta euskal sena gordeten dauena izan dedin.
Arauemoilea da, mendebaldeko euskeraren gramatika aztertu eta egiturak sendotu dituelako, idatzizko iturri esanguratsuak eta hiztun jatorren berbaegikuneak kontuan hartuta. Bizkaiera estandarra atontzeaz gainera, euskera batuagazko loturak be sendotu gura ditu, mendebaldeko hiztunon ekarpena egiteko asmoz.
Egitura bakotxean azalpenak eta adibideak josi dira, erabilera okerrak eta zuzenak bata-bestearen alboan ipini dira, irakurleak estilo zuzenaren aldeko jokabidea hartu daian. Era berean, sinonimoak edo baliokideak diran egituren arteko loturak sendotu dira. Sareko bertsinoak, gainera, gomendio labur eta lotura osogarriak eskaintzen ditu.
Amaitzeko, Labayru Fundazioaren beste egitasmo batzuetara joteko aukera be badago, besteak beste, Bizkaieraren Atarira. Bertan, hizkuntzaren gaineko oharrak, ahozko lekukotasunak eta osterantzeko baliabideak topauko ditu erabiltzaileak.
Informazino gehiago: Hiztegia online
Hiztegi elebiduna, hiztegi fraseologikoa.
Lexikografia, hiztegigintza, urte luzeetako ibilbidea egin dauen egitasmoa da Labayru Fundazioan. Hitzak eta hitz-kateak zelan erabilten diran aztertzen da egitasmo honetan, esangura guztiak eta esaldi-kontestu guztiak kontuan hartuta.
Labayru Hiztegia zuztar handiko egitasmoa da Labayru Fundazioan. Hiztegi elebiduna da, euskera-gaztelania eta gaztelania-euskera bideak jorratu ditualako, eta arauemoilea be bai, neurri baten, behintzat, mendebaldeko euskerea berorrek finkatu dauelako. Bizkai euskerearen lexikorik handiena zehaztu dau Labayru Hiztegiak, euskera batuagazko lokarriak ugarituaz eta estutuaz bide batez. Horretarako, herri-euskerea ardura bereziaz batu eta aztertu dau, idatzizko iturririk esanguratsuenakaz batera. Hagaitik ba, euskera zehatza, naturala eta ugaria behar dauenak, bizkaieraz nahi batuaz gura izan, Labayru Hiztegia dau hiztegirik erazkoena.
Arlo honetan beste egitasmo batzuk be bidean dira. Esamoduen hiztegia, kasurako, hiztegi fraseologikoa. Esamoduak sortzen dira, berba kate jakin batek esangura adierazgarri berezia hartzen dauenean. Ideia bat adierazoteko moduak, hizkuntza batetik bestera berba kate diferenteakaz adierazoten dira. Esamodu hiztegi hau, gaztelania-euskera hizkuntzen arteko parekotasunak emoteko ahalegin bat da.
Gure hizkuntzaren berba guztiak zehe-zehe garanduta ditu Labayru Fundazioaren lexikografo-taldeak: berbak eurak baina baita horreen aldagaiak be, esangura guztiak eta euron kontestuak, adibideak, zehaztapen estilistiko nahi gramatikalak, sinonimoak, etab.