Labayru Gaur

0

Hemen da Botaba erronka, beste behin ere, sareak euskal esamoldeekin astintzeko asmoz. Hirugarren edizioa dugu aurtengoa eta indarberrituta dator, itzelezko sari eta kolaboratzaileekin.

Besteak beste, Iban Garcia youtuberra, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak izango ditugu abentura honetan bidelagun. Eurak izango dira Botabako enbaxadoreak, gazteen artean esamoldeen erronka Instagramen zabaltzeko ardura izango dutenak.

Sare sozialen bitartez euskal esamoldeen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburua du lehiaketak. Hiztunon hizkuntza-ohituretan eragin nahi du, erregistro kolokialago batean jarduteko behar ditugun baliabideak eskainiz.

Berrikuntza ugari

Aurreko edizioan parte-hartze handia izan zen: 130 partaidek 75 bideo aurkeztu zituzten eta webguneak 11.259 bisita baino gehiago izan zituen, hau da, aurrekoan baino 3.000 gehiago. Bisitari gehienak 18 eta 34 urte bitarteko gazteak izan ziren. Instagramen, astean 2.000 bisita izan ziren eta interakzioak, berriz, laukoiztu egin ziren, 70.000tik gora izan zituen Botaba kontuak. Horrez gain, hainbat ekarpen batu ziren Labayru Hiztegi Fraseologikorako, eta gazteak euskararen erabilera naturala eta jatorra oinarri dituen proiektuan inplikatzea lortu zen. Halere, oraingoan markak hautsi nahi ditu berriz eta hainbat nobedade eskainiko ditu horretarako.

Aurten, esaterako, lehiaketaren egitura bera izango da aldaketarik nabarmenena; izan ere, lehiaketa baino lehen, “beroketa-fasea” martxan jarriko da urrian, parte-hartzaileek, jolasean ondo pasatzeaz gain, lehiaketan nola parte hartu behar den ikas dezaten. Erronkak, asmakizunak, enbaxadoreen zuzenekoak, zozketak… izango ditugu tarte horretan.

Lehiaketa, berriz, azaroan izango da, hilaren 4tik 25era hain zuzen ere. Beti bezala, 16 urte gorakoek parte hartu ahal izango dute eta nahi beste bideo Instagrameko plataforman aurkeztu.

Edizio honetako beste berrikuntzetako bat sariei dagokiena da. Aurten bi kategoria egongo dira eta sari bat eskainiko da bakoitzean: batetik, sari nagusia, lau lagunentzako Interraileko txartelak izango dira, hilabete osoz Europan barrena nahi adina bidaiatzeko; eta bestetik, esamolde originalenaren saria, lau lagunentzako abentura-esperientzia bat, Leaktibairen eskutik. Arestian esan bezala, baina, zozketak ere egingo dira: Bilbao BBK Live eta Donostia Festibalerako sarrerak Last Tourren eskutik, Mr. Euskaldunen produktu pertsonalizatuak…

Instagramen egingo da lehiaketa, baina Twitter eta Youtube kontuetan ere egin daiteke beronen jarraipena. Gainera, www.botaba.eus webgunean ere Euskal Esamoldeen Erronkaren nondik norakoak eta informazio eguneratua kontsulta daitezke.

Botaba… eta joan bidaian!

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.