Labayru Gaur

0

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, urriaren 21ean “Ermitak busturiarren alkargune eta aterpe” izeneko dokumentala aurkeztu dogu, areto bete jentearen aurrean.

Familia-bizitzaren ardatza etxea izan dan moduan, gizartearena auzunea da, alkarreri laguntasuna eta babesa emoteko. Eta auzotasunak bizitzako arlo guztietan eskubide eta betebehar batzuk ezartzen deutsoz auzotarrari.

Euskal Herrian gure inguruetan auzunerik gehienak euren ermitea daukie, sarritan ganera, ez dakigu lehenago zer izan dan auzoa edo ermitea, hain dagoz bat eginda.

Busturian bost ermita dagoz: Edurretako Ama Birjinarena Parezin, San Bartolome eta San Kristobal izen bereko auzoetan; Paduako San Antonio, Abiñan (lurrez Busturia baina eleizaz Sukarrieta dana); eta Kurtzio, Axpen. Lehenengo laurak auzo-ermitak dira, eta alkarren artean desbardintasunak izan arren, orokorrean eraikin txikiak dira eta inguruko baserrien antzeko ezaugarriak daukiez. Kurtzio, ostera, gurutz-toki, santutxu edo gazteleraz humilladero esaten danetarikoa da.

Busturiarrek lotura estua euki dabe auzoan auzoko ermiteagaz, eta ermiteak lotura estua eragin deutsie alkarren artean: dala garbitu eta konpontzeko, dala jai eta ospakizunetarako… auzolanean jokatu izan dabe ermitearen inguruan.

Hori eta gauza gehiago jaso izan dira dokumentalean, herritarren ahotik zuzenean alde batetik, bakotxak bere bizi-esperientziak kontatuz; eta Alberto Santana historialariaren bitartez, bestetik. Izan be, Busturiako ermitek zer esan eta zer erakutsi asko daukie.

Ikusleak pozik geratu dira, orain herriko ondarearen beste parte bat ezagututa.

Hurrengo egunean, Juanjo Hidalgok gidatuta, bisita gidatua egin dabe herriko ermitetan zehar; hau da, herriko auzoetan zehar, jakingarriz betetako ibilaldian.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.