Labayru Gaur

0

Etniker Euskalerria taldeek aurtengo batzarra Beran (Nafarroa) egin dabe, urriaren 1ean, Etniker-Nafarroako taldeari egokitu jakolako aurtengoa eratutea. Etniker taldeak bost dira, lurraldeka honetara banatuta: Etniker-Araba, Etniker-Bizkaia, Etniker-Gipuzkoa, Etniker-Iparralde eta Etniker-Nafarroa.

Taldeotako 22 kide Berako kulturetxean batu ziran goizeko 11:00etan, Ander Manterola, Atlas Etnográfico de Vasconia egitasmoaren zuzendaria, buru dala. Beragaz batera egon ziran mahaian Gurutzi Arregi, Atlaseko idazkaria, eta lurraldeetako idazkariak: Monserrat Ocio (Etniker-Araba), Luisma Peña (Etniker-Bizkaia), Michel Duvert (Etniker-Iparralde) eta Naiara Ardanaz (Etniker-Nafarroa).

Gai-ordenari jarraituta, iaz Moredan egindako batzarreko akta irakurri eta onartu zan eta idazkariek lurralde bakotxean egindako lanen barri emon eben. Nekazaritzari jagokon Atlaseko aleari buruz, maketatzen dabizala aurreratu, eta atalen aurkibidea banandu jaken batzartutako guztiei. Horregaz batera, zuzendariak hurrengo alerako eskema be banandu eban, jai-egutegia eta herri-erlijinoa gaiei jagokena. Amaitzeko, taldeetako kideek egindako argitalpen eta artikuluen barri emon zan.

Besteak beste, David Mariezkurrena Nafarroako Cuadernos de Etnología y Etnografíako zuzendari barria dala iragarri zan. Etniker Bizkaiako arduradunek, aldizkaria aurrerantzean Etniker izango dala aurreratu eben, eta zabalik dagoala lurralde guztietako  kolaboradoreentzat. Horrez ganera, Etnografiako blogerako jente gehiagok parte hartzea komeni dala gogoratu eben.

Batzarraren ostean kide guztiak herriko dolara bat ikusten joan ziran eta bertan bazkaldu eben gero. Arrastian, Julio Cario Barojaren eta familiaren hilobiak eta Itzea etxea ikusi ebezan.

Datorren urteko batzarra  antolatzea Etniker-Iparraldeko taldeari jagoko, eta Michel Duverten proposamenari ondo eretxita, Donibane Lohitzunen egitea erabagi zan. Etniker taldeen 40. urteurrena izango danez, ikertzailerik beteranoenak omenduko dira: Ander Manterola, Gurutzi Arregi, Josetxo Zufiaurre, José Antonio González Salazar eta Juan Cruz Labeaga.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.