Etnografia atalak

0

Bilboko itsasadarraren 1739ko planoaren xehetasuna, Gabriel Baudwinena (British Library), Jabier Aspuruk emana. Erdialdean, Olabeaga ingurua; bost belaontzi ikus daitezke atrakatuta.

Otsailaren 9an, duela sei urtetik, pizzaren munduko eguna ospatzen da. Dauden datuen arabera, AEBetan sortu zen, eta handik gainerako herrialdeetara hedatzen joan da; hain zuzen, Bilbon ere ospatzen da. Dena dela, ez dut pizzaren gastronomiari buruz hitz egingo artikulu honetan; aitzitik, ezagunagoa den gai bat jorratuko dut: Bilboko bakailaoa, zeinak ia bost mende daramatzan gure artean, baina ez duen ospatzeko egun zehatzik. Gastronomiari dagokionez, hainbat errezeta ezagutzen dira, eta asko idatzi izan da gaiari buruz, bakailaoa hemen «betidanik edo antzina-antzinatik dagoela» dioen esaldiari jarraikiz. Esaldi hori, gutxi gorabehera, oso gureak eta betikoak direla uste dugun gauza guztietarako erabiltzen da; horixe gertatzen da angulei edo txitxardinei buruz hitz egitean, adibidez; baina haien kontsumoari buruz aurkitu dudan dokumenturik zahar eta zehatzena XIX. mendearen hasierakoa da, ez lehenagokoa. Norbaitek zerbait antzina-antzinatik datorrela ziurtatzen duenean, bi edo hiru belaunaldiko denbora-tartean soilik finka dezakegu; gehienez ere, 100 bat urtez, modu fidagarri batean. Eta norbaitek kontrakoa uste badu, libre da hori sinesteko, baina uste hori frogatzen duen dokumenturen batean oinarritu beharko litzateke.

Bakailaoa guk ezagutzen dugun moduan arrantzatzeko, gure arbasoek oso urrutira joan behar izan zuten hura aurkitzera, dokumentuen arabera, XVI. mendean. Izan ere, espezie hori ez zen sarritan agertzen gure inguruko itsasoetan, berdela, antxoa, sardina, hegaluzea edo ohitura migratzaile ezagunagoak zituzten beste arrain batzuen moduan.

Laburbilduz, esan behar dut denbora asko daramadala zenbait artxibo aztertzen, hargin errotariaren lanbide zaharrari buruzko datu dokumentalen bat bilatu eta lortzeko. Herri-oroimenean dagoeneko desagertuta dagoen lanbide horretan, harri gogorreko diskoak zizelkatzen ziren errota-harriak lortzeko. Beraz, amaitu ditudan eta garatzen ari naizen zenbait proiektu etnografikorekin esku artean dudan lanarentzat sarrera gisa balio dezatela lerro hauek.

Bizkaian ere aritu ziren hargin haiek XVI. mendean hareharria zizelkatzen, baina mendian ez dago dokumenturik, han aztarna gutxi batzuk baino ez daude, eta halakoak irakurtzen jakin behar da. Dokumentuak artxiboetan daude, eta, batzuetan, oso gaitza da datu bakar bat lortzea, irakurtzen zailak direlako edo duten kontserbazio-egoeragatik. Deskribatuko dudana duela 439 urteko itsasontzi batean Bilbora iritsi zen bakailaoari buruzko aseguru-poliza bat da. Ontzi hori La Maria zen.

ADPBU-CM-037, 22r. or.

Burgosko probintziako artxiboan, Itsas Kontsulatua atalean, era guztietako salgaiei, itsasontziei eta itsasoko ibilaldietan aseguratu zitezkeen hainbat gairi buruzko milaka aseguru-poliza daude. Datu-base hori aztertu dut errota-harrien norakoari buruz jakiteko, eta beste merkantzia mota batzuei buruzko datu asko lortu ditut; esaterako, artilea, burdina, azukrea, ardoa, bale-ehiza eta bakailaoa aipatzen dira. Hamahiru liburu aztertu ditut, 11.000 orrialde pasatxo guztira, eta XVI-XVII. mendeetan itsasontziak aseguratzeko sistemak nola funtzionatzen zuen jakiteko xehetasun asko lortu ditut.

Bakailaoari buruz argudiatzen den kasuan, aseguru-poliza 500 dukatekoa da, 100.000 euro inguru izango lirateke gaur egungo kanbioan. Ez da besterik gehitu behar; izan ere, transkripzioan oso argi geratzen da Olabeaga ingurutik bidaiatzen zela Ternuara zuzenean joateko eta itzultzeko, eta itsasontzian Deustuko bizilagun bat zihoala maisu gisa. Hau bai dela bakailaoa antzina-antzinatik arrantzatzea.

Erreferentzia: ADPBU-CM-037, 22r. or.

1584

84ko urrian egina                            Sebastian Larrauri

Burgosko hirian, mila bostehun eta laurogeita lauko apirilaren hogeita zortzian, aipatutako Sebastian Larrauri jaunak, Bilboko hiribilduko bizilagun Pedro Agurto Gastanaga jaunak aginduta eta haren izenean, Bilboko ibaian dagoen Olabeagatik Ternuaraino bakailaoa arrantzatzera joan, han egon eta etortzean, behean aipatutako ontziak itsasoratutako tresna eta elikagaien armazoia aseguratu zuen, baita ontzia bera eta ekarritako arrantza guztia ere itzuleran, guztia Pedro Agurto Gastanagarena izanik, edo dagokion pertsonarena, eta ehuneko hamaika ordaindu beharko du urte horretako urrian. La Maria ontzian, Jaungoikoak salba dezala, Deustuko San Pedro elizateko bizilagun Juan Martinez Çabaleta maisu izanik, edo maisu gisa doan beste edonor, aseguratzaile hauek sinatu zuten:

Geronimo Salamancak eta Francisco Arriagak ontzi horretan, Jaungoikoak salba dezala, ehun eta berrogeita hamar dukaten truk, ehuneko hamaikan, urte horretako urrian ordaindu beharrekoa, eta Diego Castrok, bere ahalaz, bere izenez sinatu zuen egun horretan.

Francisco Cuebasek berrehun dukaten truk, eta Diego Castrok, bere ahalaz, bere izenez sinatu zuen egun horretan.

Hernando Castro Maluendak, berrogeita hamar dukaten truk, eta Diego Castrok, bere ahalaz, bere izenez sinatu zuen egun horretan.

Francisco Castro Muxicak, berrogeita hamar dukaten truk, eta Diego Castrok, bere ahalaz, bere izenez sinatu zuen egun horretan.

Alonso de la Torrek berrogeita hamar dukaten truk, eta Diego Castrok, bere ahalaz, bere izenez sinatu zuen egun horretan.

Urte horretako apirilaren hogeita zortzian idatzia eta nik zuzendua,

Alonso Madrid

 

Javi Castro

Etnografia Saila – Aranzadi Zientzia Elkartea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~