Etnografia atalak

Juncos en flor. Sergio González Ahedo

Juncus conglomeratus. Sergio González Ahedo.

Hogeta hamarretik gora gari klase dagoz, tamaina eta forma desbardinetakoak. Gehienak onberak izaten dira, eta etorri diran moduan desagertzen dira, berez. Batzuek, barriz, behar handiagoa emoten dabe, eta zeozelako tratamentu barik ez dira joaten.

Persona batzuei errazago urteten deutsee beste batzuei baino. Halanda be, normala izaten da bizitzako momenturen baten gariren bat edo beste izatea. Ingurua mingor eukiten da askotan, eta itxuraz be deserosoak dira.

Gizarte tradizionalean, gariak kentzeko hainbat modu egon izan dira: batetik, teknika enpirikoetara jo izan da —pikuaren esneagaz gariaren gainean iguztea, kasurako—; bestetik, teknika enpirikoetatik harago doazan osabideak erabili izan dira —garia hilerokoaren odolagaz eta barautan botatako txistuagaz iguztea—. Azkenik, magia-kutsuko erremedioak baliau izan dira: leku batetik bestera aldea dagoan arren, ziakaz egineko erritua, esaterako, Euskal Herri osoan ibili da zabal.

Zia zuztar arteza, zilindrikoa eta malgua dauan landarea da; lora berdezkak ditu, eta ezotasun handiko lekuetan hazten da: ibaiertz, itsasertz eta, oro har, bustiguneetan. Hortik dator, hain zuzen be, ‘zia lez edan’ esakunea. Gogotik edaten dauanari esateko erabilten da. Holantxe egiten eutsan ziari erreferentzia Eusebio María Dolores de Azkuek, R. M. de Azkueren aitak, Gabon afari bat bertsoan:

Ea tragu bat, bai ta bi bere
edan, maitea, zia lez;
balitz sarritan Gabon eguna,
bein baino urtean eztalez!

Zornotzako Maria Luisa Artabe Barrenari batutako informazinoaren arabera, erritua egiten dauan personeak batu behar izaten ditu ziak; inoiz ez garidunak. Erpetik atera, aurreko puntea kendu, eta puntaori landarearen erditik sartu, kurutzea eginda. Berorregaz hiru kurutze egiten dira gariaren gainean, eta kurutze bakotxean errezitadu bat esaten da. Errezitadu horren barri familia bereko senide jakin batzuei baino ez jake emoten, eta isilean gordeten da. Errezitaduaren ostean, aitagurea errezetan da. Zi bat erabilten da gari bakotxeko.

Ziak harri edo lurpean gorde behar izaten dira, bidekurutze bat dagoan lekuan. Garidunak ezin dau jakin ziak non dagozan gordeta. Horreek usteldu ahala, gariak be sikatu egiten dira.

Urteak joan urteak etorri, gure aurretikoek erabili ebezan erremedio asko eta asko galdu egin dira. Dana dala, medikuntza alternatiboaren erabilereak azkenaldian izan dauan gorakadearen eraginez, natureagaz eta inguruagaz lotutako erremedioak ostera be indarra hartzen dabilzala emoten dau.

Ziortza Artabe Etxebarria – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Euskal Herriko Atlas Etnografikoa obraren Medicina Popular liburukia.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~