Etnografia atalak

José Arrue. Tarjeta postal. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Memorial literario, instructivo y curioso de la Corte de Madrid izeneko aldizkaria (hilerokoa hasieran eta hamabost egunez behingoa gerora) 1784ko urtarriletik 1790eko abendura bitartean argitaratu zen, Espainiako gobernuak gainerako prentsa nagusi gehiena bezala deuseztatu zuen arte. Horrela, Frantzian gogor zebilen Iraultza Pirinioen hegoaldera hedatzea saihestu nahi zen.

1785eko urrian agertu zen “Una fiesta de toros” kronika; eta, bertan, “hil honetako 3an, 7an, 17an eta 24an Alcaláko Ateko harresiz kanpoko Plazan (1749tik Madrilgo zezen-plaza nagusia, 1874an eraitsi zen arte) egin ziren” zezenketa batzuen berri ematen zen. Idatzi horretan, paragrafo hau irakurri dugu, urriaren 24ko zezenketari buruzkoa (egungo arau akademikoen arabera erregularizatutako ortografiaz):

Hilarión de Bengoa, Bizkaiko Jaurerriko Durango hiribilduko musikaria, ibilera prusiarra danbolinaz eta txistuaz jotzen atera zen; aurretik zortzi toreatzaile dotorez osatutako konpartsa zuen, pika edo akuiluekin torilaren inguruan jarri zirenak, bederatzigarren eta hamargarren zezena pikatzeko; tarteka, aipatutako musikaria, ordurako balkoi batera igota, malbruka eta dantza bizkaitarra jotzen aritu zen, Bizkaian ohikoak diren beste doinu batzuekin batera, Jaurerri horretako erromeria eta jaialdien bereizgarri.

Memorial literario instructivo y curioso de la Corte de Madrid. Madrid, 1785. Hemeroteca Digital BNE.

Artxiboko dokumentazioaren bidez dakigu Durangoko semea izandako Hilarión de Bengoa batek Gipuzkoako Batzar Nagusietan frogatu zuela bere kaparetasuna 1783an. Jakina da kapare hori gure musikaria izango zela, edo, bestela, izen bereko ahaidea; agian, aita. Eta Juan Garmendia Larrañagari eta haren “1788. urtea, festa ospakizunen inguruko berriak” —San Juan Jaiak 1996 Tolosa, Tolosa: Tolosako Udala, 1996— artikulu bikainari esker jakin dugu hori. Izan ere, aitatzen duen interes handiko dokumentuak egiaztatzen du Tolosa hiribildu gipuzkoarrak Hilarión de Bengoa zeritzona, uste osoz guri interesatzen zaigun musikaria, kontratatu zuela 1788an, “kalez kale ibili dadin danbolinarekin eta txistuarekin, ohiturari jarraituz”, edo “pifanoa jo dezan”, “Urteberriko goizetan” eta “Errege, Aingeru Guardako, Maiatzeko Gurutze, Jaunaren Igokunde, Corpus eta horren Zortzigarren, San Joan Bataiatzaile, Santa Ana eta Loiolako San Inazio jai-ospakizunetan”, eta baita inauterietan ere.

Hilarión de Bengoa euskal kaparea kontratatu zuteneko berri ematen zaigu, 1785eko urriaren 24an, urteak geroago desagertuko zen plazan (Goyak, Dorétek eta Manetek betikotu zuten plaza berean), ospatu zen zezenketa girotzeko. Bertan, doinu anitzeko musika-errepertorioa interpretatu omen zuen: ibilera prusiarra, “malbruka” (hau da, Mambrú entzutetsu eta kosmopolita) “eta dantza bizkaitarra, Bizkaian ohikoak diren beste doinu batzuekin batera”. Gainera, informazio labur baina garrantzitsuak ere ematen zaizkigu euskal musikari ausart eta argiaren errepertorioari, bere geldi egonezinari eta aldaberatasunari, eta herri-kulturaren bihotzean beti dirauen hibridotasunari buruz.

Airean uzten ditu, halaber, galdera asko. Erregularrak izango ote ziren Madrilen eta beste leku batzuetan euskal musikariaren emanaldiak? Zezenketetan edo bestelako ospakizunetan ere jotzen al zuen? Nola uztartuko zituen irteera horiek eta Euskal Herriko hiribilduetan behartuta mantentzen zuten kontratu eta konpromisoak? Iritsi al zen Hilarión de Bengoa garai hartan Madrilen izen ona zuten musikarien artean izatera? Zenbaterainoko eragina izango zuten, kanpora egindako espedizio haietan, beste leku batzuetako errepertorio biziek funtsean ‘bizkaitarra’ behar zuen bere errepertorioan? Atera ote zuen beste musikariren batek euskal folklorea beraren eremu naturaletatik hain urrutira bidaiatzea oso enpresa motel eta arriskutsua zen XVIII. mendean? Zer harrera eta integrazio maila izango zuen folklore horrek Madrilen eta euskal musika herrikoia bitxikeria gutxi-asko exotikoa zirudien beste leku batzuetan?

Azalduko al dira etorkizunean misterio horietako bat edo beste argitzera Durangoko kapare musikari eta bidaiari xelebre horri edota antzeko abenturak bizi izan zituzten beste euskaldun batzuei buruzko dokumentu eta datu gehiago?

José Manuel Pedrosa – Alcaláko Unibertsitateko irakaslea

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

José Manuel Pedrosaren beste artikulu batzuk: El vestido peligroso (1), El vestido peligroso (2), Cartomancia, crimen y drama rural y El ladrón ahorcado por un cerdo.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~