Etnografia atalak

Aratusteetako tostadak. Josu Larrinaga Zugadi.

Bizkaian[1] elkarrizketatu ditugun pertsonen testigantzek XIX. eta XX. mendeen arteko garaira garamatzate, Inauteri tradizionalen (Karnabalak, Aratusteak, Carnestolendas…) garrantziak eta ospeak hainbat gorabehera (gatazka belikoak, diktadurak, aldaketa ideologikoak, zentsura zibilak eta elizakoak…) izan zuten urteetara, alegia. Dakigunez, jai-ospakizun finkoak eta data aldakorrak (Pazkoko lehen ilargi berriak baldintzatuak) uztartzen ditu Inauteri-aldiak, Gabonetako zikloaren eta Aste Santuko berrogeialdiaren artean betiere.

Zuzeneko lekukoen arabera, Kandelarioz (otsailaren 2an) egiten ziren lehen ogi txigortuekin hasi eta Lapiko-apurtze igandean (Garizuma betean) amaitzen zen Inauteri-aldia. San Blas eta Santa Agedako ospakizunak jai-ziklo honetan sar daitezke, edo ez. Sexagesima-igandean, Basa(ra)toste, Sasikoipetsu edo Kanporamartxo deritzon osteratxoa egin ohi zen inguruetako basoetara jakiak prestatzera, dela burruntzian erreak (txitxi-burduntzia, bizkaitarrok diogun bezala), dela zartaginean frijituak (zartaginekoa edo sartenekoa). Ostegun Gizen edo Eguen Zuri eguna jaieguna izaten zen eskola-haurrentzat, eske-errondak egiteko eta askariak edota jolas ludikoak antolatzeko. Ondoren, jai-ziklo alai honetako jardunaldi nagusiak: igande-, astelehen- eta astearte-inaute.

Surrandiak eta hartza. Durango (Bizkaia). Josu Larrinaga Zugadi.

Herrixka, herri eta hirietako kaleak mozorro eta maskaradun pertsonaiez betetzen ziren (maskaritak, kokomarroak, errabiak, puxikeroak, atorrak, surrandiak…). Modu anarkikoan ibiltzen ziren burla egiten zieten haur eta emakumeen atzetik, haiek astintzen[2], konfetia eta enparauak jaurtitzen, jendea zirikatzen, salto eta dantza egiten eta, jakina, une oro beren nortasuna gordetzen. Adinekoak izutu egiten ziren haien presentzia fantasmagorikoarekin (bestekoak, esaten zieten), eta, baten batzuk, aurpegiko kareta askatu ezin izango zuten beldur ziren.

Haurrek eske-errondak egiten zituzten Inauterietako egun seinalatuetan (Eguen Zuri edo Carnestolendas). Gazteek ere elkarrekin ekiten zieten jaiari, musikari eta dantzari. Jan-gauza edo diru eske ibiltzen ziren gazte-konpartsa horiek, kopla satirikoak saltzen, batzuk, lapurretak eta bihurrikeriak egiten, beste batzuk, erdi benetan, erdi txantxetan. Ohikoak izan dira, sasoi honetan, txerrikiak (odolkiak, txorizoak, urdaia, txerri-hankak eta -belarriak…), baita ogi txigortua eta ahizko tostadak edota esne-torradak ere.

Jokoak (oilar- eta antzara-jokoak, kukañak, al higuí, txakolin…), dibertsio ludikoak (sokamuturrak) eta dantza erritualak (Zaragi-dantza, Sorgin-dantza eta Marroen Aurreskua) ziren egun nagusietako jarduerak. Baina, han-hemen, jenderik gehien erakartzen zuen elementua honako hau zen: plaza publikoetan egiten ziren erromeriak eta elkarteen, sindikatuen edo kasinoen lokaletan antolatzen ziren mozorro-dantza pribatuak.

Sardinaren ehorzketa. Portugalete (Bizkaia). Josu Larrinaga Zugadi.

Industrializazioak eragin zuen langileen joan-etorriak ohitura berriak ekarri zituen gure lurraldera: ‘sardinaren ehorzketa’, batetik, Inauterietako zaratari eta jolasari amaiera ematen zion hileta-segizioaren parodia, Garizumako zorroztasunean murgildu aurretik; eta Lapiko-apurtze igandea, bestetik, hamaikatxo dantza pribatu eratzen zen eguna.

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

[1] Larrinaga Zugadi, Josu. “Carnavales tradicionales en Bizkaia” in Euskal Herriko Inauteriak. Hitzaldiak. Bilbo: Euskal Museoa, 2012/05/11. Eta Irigoien, Iñaki; Dueñas, Emilio X.; Larrinaga Zugadi, Josu. Ihauteriak. Carnavales. Bilbo: Euskal Museoa, 1992.

[2] Larrinaga Zugadi, Josu. “Máscaras fustigadoras” in Euskonews&Media 242. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004/02/13-20. http://www.euskonews.eus/0242zbk/gaia24201es.html

Testua gaztelaniaz eta ingelesez ere irakur daiteke, bai webguneko hizkuntza aldatuz, bai esteka hauetan sakatuz: Carnavales en la memoria colectiva de Bizkaia eta Carnival in the collective memory of Bizkaia.


 

Iruzkinak ( 1 )

Iruzkin bat idatzi

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~