Etnografia atalak

0

Pazko loratua Lanestosan (Bizkaia). Josu Larrinaga Zugadi.

Duela aste batzuk, gizakiak gizarte tradizionalean duen bizi-zikloaz arduratu ginen [Ikus Bizitzaren zikloa]; oraingo honetan, berriz, urteko lanegunak eta jaiegunak denbora kronologikoaren transmisio-gurpilean kokatzen saiatuko gara.

Jakina da gizakia egitura geografikoaren, gizarte-testuinguruaren eta historiaren bilakaeraren eraginpean dagoela. Halaber, badakigu baita ere, dela laneguna, dela jaieguna, eguneroko denbora-zikloan egiten diren jarduera pertsonal edo kolektibo guztiak arrakastaren bidea errazten diguten zenbait erritualez janzten direla. Eta aurrekoan esan genuenez, pentsaera tradizionalak ziklikotzat dituen prozesu horiek behin eta berriz errepikatzen dira eta belaunaldiz belaunaldi gauzatu eta transmititzen diren erregulartasun-adierazle edo konstante jakin batzuei josita daude.

Urteko jai-zikloa. Josu Larrinaga Zugadi.

Jai-zikloa urtaroen etengabeko kateaketan eta astro nagusien (Eguzkia eta Ilargia) edo zodiakalen kokapenean oinarrituta dago, eta osagarri dituen ziklo edo jai-ospakizunen sekuentziazioa gizatalde bakoitzaren sasoian sasoiko ekoizpen-lan edo -jarduerekin bat dator.

Udazkeneko ekinokzioarekin emango diogu hasiera azterketa labur honi. Udazkena da izan nekazaritza-munduan uztaro nagusia, baita larreen gozamenerako eta arrantzarako azkenaldia ere. Neguko zurruntasunaren aitzinean bildu eta prestatzeko abagune egokia orduantxe, sanmigeletatik abendura arte.

Ondoren, garai ilun eta hotzean murgiltzen gaitu neguko solstizioak; eguraldi latzean, alegia. Nabarmentzekoak dira Gabonak, eta berebiziko solstizio-ospakizunotako paganismoaren eta kristautasunaren arteko sinkretismoa. Eta une aldakorra datorkigu handik gerora, Pazko-ilargi beteak markatua, komunitatearen babeserako elkarreragin soziala sustatu, jan-gauzak berri on truke guretu eta gizarte-kohesioa bultzatzeko beharrizanak hauspotua. Inauteri edo ereiteko sasoiaren ondorengo errituei buruz ari gara, lizentzia kolektiboa baimentzen den tartetxoa.

Sanjuan-sua Barrikan (Bizkaia). Josu Larrinaga Zugadi.

Ohi ez bezalako festa eta astrapalaren hurrengoa garizuma da, eta horrekin batera zetozen ezkontza eta dibertimendu ororen debekua edota aginduzko bijilia eta baraua. Martxoan, Natura esnatzean, gainetik ipintzen dira soroen zaintza, itsasoetako arrantza eta larreen gozamena bermatze aldera egiten diren ohikuneak, udaberriko ekinokzioaren bereizgarri. Aste Santuan, ilargiaren eraginpeko egunotan, Kristoren Pasioa gertaberritzen dugu, eta landare-, animalia- eta giza bizitza babesteko erritualak ere ezagunak dira orduan. Eta Corpusaren inguruko ospakizunek udako solstizioaren etorrera iragartzen digute.

Sanjuanetako erritu sinbolikoak (ura eta su garbitzaileak) erabakigarriak dira arrantza-harrapaketak, nekazaritza-ekoizpenak eta baserrietako animaliek gozatzen dituzten mendi-larreak emankorrak izan daitezen aurrerantzean, udatik haratago. Izadiaren fruituen ordainetan, herri-jaiak antolatzen ditugu gizakiok gure zaindarien omenez, eta lizentzia hartzen dugu jaiotan nahi beste jan eta edan edota zer edo ha gordetzeko, mehealdia etorriko balitz ere.

Hala bada, urteko bizi-prozesu horiek guztiek, eta bereziki kultura tradizionalean elkarbizitza eraikitzeko funtsezkoak diren jaialdiek, komunitate oso baten jarduera edo ekintza ekonomiko, sozial, espiritual eta kulturalen antolamendua eta aldizkakotasuna arautzen dute.

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Testua gaztelaniaz eta ingelesez ere irakur daiteke, bai webguneko hizkuntza aldatuz, bai esteka hauetan sakatuz: El ciclo festivo en el eterno retorno eta The eternal return of the festive cycle.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~