Etnografia atalak

0

Erromeria Aiko taldearekin. Iñaki de Andrés.

Bilboko Santiago Plaza. Hilaren azken larunbata. Iluntzeko 21:00ak. Aspaldiko ohiturari jarraituz, erromeria egingo litzateke Bilboko txoko xarmagarri honetan, inguratu gaituen ditxosozko izurritearengatik ez balitz. Eta, egingo balitz, zer pentsatuko luke gure ehun urteko amonak plaza erdian jarriko bagenu? Segur aski gozatu egingo luke hainbeste jendea dantzan ikusita, baina gai izango litzateke haiekin batera dantzatzeko? Ez dut uste. Agian, gaztaroko hirian ez dagoela ondorioztatuko luke, beste leku batean baizik. Eta arrazoia luke. Hau ez da gaztaroan ezagutu zuen Bilbo. Hiribildua aldatu egin da, baita hiritarren dantzatzeko era eta plazetan entzuten den musika errepertorioa ere. Horretaz arituko gara, hain justu, lerro hauetan.

XX. mende hasieran eta erdian egiten ziren erromerietako errepertorioa aztertzen badugu, zenbat aldatu den ohartuko gara. Gogoan izan behar dugu gure pertzepzioa ere bestelakotu egin dela: ohituta gaude musika asko entzuten, ohitu egin gara afinazio-sistema zehatz batera, eta musika egiteko molde batzuk egin ditugu gure. Musika ez da jada baliabide urria, eta orokorrean ez dugu berdin baloratzen.

Duela ehun urte, pieza gutxi batzuekin egon zitekeen dantzan arratsalde osoan, dantzaren funtzioa oso bestelakoa zelako: dantza eta musika harremanetarako baliabideak ziren, batez ere. Garai hartako musikaren errepertorioa ikusi besterik ez dago.

2013ko martxoaren 16a. Aiko taldea.

Gerra zibila baino lehen, ordukoko nazionalismoak ‘gure’ eta ‘kanpoko’ dantzen arteko nolabaiteko dibortzioa ahalbidetu zuen, beste hainbat gairekin gertatu zen moduan (emakumeak eta dantza, janzkera, musika-tresnak…). ‘Euskal’ erromeriak ere orduan hasi ziren definitzen, kontakturik gabekoak: fandangoak edo jotak, porrusaldak edo arin-arinak eta biribilketak, batik bat (tartean debekuak ere egon ziren). Horrela sortu zen XXI. mendera heldu den erromeria-eredua.

XX. mendearen erdiko erromeriaren krisiak berriki sortuak ziren dantza-taldeen parte-hartzea ekarri zuen; eta, horrekin batera, eskemak inportatzea ere bai: adibidez, dantzaera libretik dantza koreografiatuetara. Kontua ez da musikariek jo dezatela guk dantza dezagun, baizik eta musikariek guk dakizkigun koreografiak jo ditzatela. Hau da, koreografiak protagonismoa hartu du; musikak galdu duena, hain zuzen.

Gaur egungo dantzaldietan, dantzak ez dira inoiz errepikatzen. Dantzariek koreografia asko eskatzen dute, errazak eta laburrak, anitzak. Ez dut nostalgiatik hitz egiten; garaiotako bilakaera da hori. Eta, horrela izanik, ez da berez hobea edo txarragoa, baina kontuan izan behar dugu memoria, doinua, inprobisazioa eta gure tradiziozkoak diren hainbat dantza luzek oso leku txikia dutela egungo plazetan.

Zapping egiten dugu bai bizitzan, bai dantzan, eta zaila izango litzateke “jo berriz, Sam” famatua entzutea oraingo dantzaldietan. Horren ordez, “beste bat, Tom” diogu.

Patxi Laborda – Aiko taldeko partaidea eta Bilbao Musikako dantza-maisua


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~