Etnografia atalak

0

Simeón Hidalgo Valencia

Batzuetan, batzuetan baino ez, morroia nagusia baino hobeto bizi da. Horixe gertatzen da Nafarroako Itzagaondoa bailaran, Zuhatzun, Itzaga haitzaren oinean. Baina lehenik eta behin pertsonaiak aurkeztu behar ditugu, nori buruz, edo hobeto esanda, nortzuei buruz ari garen jakin dezagun.

Nagusia San Migel goiaingeruaren irudi handi bat da, ermita batean dagoena, lehen aipatu dugun Itzagako haitzaren tontorretik hurbil; eta bera da bertako zaindari nagusia. Ermita hori ohiko ermitak baino handiagoa da, hiru habeartekoa. Garai batean Itzagako haitz hori, Higa de Izaga izenez ezagutzen zen. Haraino, urtero, hainbat penitentzia-erromeria iristen dira, hau da, tunikadun erromes taldeak joaten dira, bizkar gainean gurutze astuna daramatenak. Erromesak latinezko letanien erritmoan sartzen dira ermitara, eta pozezko kantuak (gozos) abesten dituzten bitartean, San Migelen aurrean belaunikatzen dira. San Migel ingurune osoko babeslea da; hau da, Itzagaondoa, Untziti eta Longida haranetakoa.

Morroia, kriadiko izenez ezagutzen dena, San Migelen irudi txiki bat da eta Itzagaondoko herrietako batean, Zuhatzuko parrokia-elizan gurtzen da “nagusiaren” babespean. Eta morroia nagusia baino hobeto bizi dela diot, hemen negua gogorra delako, oso gogorra, hotz-hotza!; eta morroiak negua elizaren barruan tenperatura onean pasatzen duen bitartean, nagusiak, goialdean, apaingarri gabeko eta inguru horietako eguraldi txarrak alde guztietatik astintzen duen ermita batean igarotzen duelako.

Irailaren amaieratik maiataren hasierara arte kriadikoak Zuhatzun, debozio handiz, herriko eta bailarako herritarrek bisitak egiten dizkiote. Bere ondoan jarrita, arazoak, atsekabeak, zorigaitzak eta era guztietako gertaerak kontatzen dizkiote, eta, ondoren, beti laguntza eskatzen diote, atsekabeak hain latzak izan ez daitezen erregutuz, arazoek konponbidea izan dezaten, eta zorigaitzek merezi duten kontsolamendua aurkitu dezaten. Eta San Migel txiki horrek, kriadikoak, berarengana hurbiltzen diren persona fededun guztiei pazientzia handiz entzun, eta gainera dena hartzen du kontuan, ezer ahaztuta eta kargu hartu gabe geratu ez dadin.

Eta horrela izan dadin, eguzkia, euria edo elurra egin, jaia edo laneguna izan, Zuhatzuko elizako ateak maiatzaren 8an irekitzen dira. Bertan, Artaitz, Zuhatzu, Erreta, Ardanaz eta Irisoko auzotarrak biltzen dira, eta, denek batera otoitz egin eta gero, irudi txikia pertsona biren artean eroateko moduko anden gainean jartzen dute. Ostean, kanpaiak entzuten diren bitartean, segizioa ateratzen da tenplutik, eta kriadikoari Itzagarako bidean laguntzen dio. Goranzko bidea sigi-sagan egiten dute, geldialdi bakarrarekin Uxuera begira otoitz egiteko. Bidean basoak eta larreak igarotzen dituzte ia tontorrera heldu arte, ermita arean beheratxoago dago eta.

Joaquín Ahechu

Hara helduta, kriadikoa ermitan sartu eta nagusiarekin elkartzen dute. Eta otoitz egin, eta kantatu, eta bazkaldu egiten dute. Arratsaldean elizako ateak itxi, eta nagusia eta morroia bakarrik geratzen dira irailera arte. Denbora tarte horretan kriadikoak nonzeberri guztiak nagusiari kontatzeko astia du: hildakoak, arazoak, eskaerak, beharrak, uzta nola doan, zer gertatu den eta zer ez… Jainkoaren bitartekotza da, baina bitartekari birekin egiten dena. Eta onena da den-denak hartzen dituztela gogoan.

Esan bezala, maiatzaren 8an, betiko moduan, mendez mende.

                                                                                Fernando Hualde – Etnografoa – Labrit Ondarea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~