Etnografia atalak

0

“Erronda” Bastidan (Araba), abenduaren 7an. Argazkia: E. X. Dueñas.

Azken urteetan gertatzen ari den kontu bat beharbada oharkabean pasako zaie batzuei. Hain zuzen, urtaro astronomiko eta meteorologikoaren arteko bereizketa da (aldi baten ikuspegi edo behaketa batetik).

Ipar hemisferioari eta, zehazki, neguari dagokionez, lehenengoa abenduaren 19tik 22ra bitartean —urtearen arabera— solstizioak markatzen duen hasierara mugatzen da; bigarrenak, berriz, hilabete osoak hartzen ditu oinarritzat: abendua, urtarrila eta otsaila.

Itxura batean hutsala ematen duen horrek eragina du, batetik, Inauteriaren hasiera finkatzeko —hala da, adibidez, Alemaniako eta Herbehereetako zenbait hiritan, azaroaren 11n—, eta, bestetik, gure ingurune hurbileneko beste ospakizun eta jai batzuen oihartzunean.

Ekitaldi horien artean daude, besteak beste, San Nikolas (abenduaren 6a) eguneko diru-eskeak eta suak; horiek funtsezko elementua izan dira eta dira urteko zenbait unetan. Euskal Herriko alde batean udako solstizioari lotuta, eta bestean, berriz, neguari atxikita.

Jasotako informazio eta datuen arabera, Domu Santu egunean ere, Arabako zenbait herritan, sua pizten zuten jaiegunean, hildakoei heriotzaren ilunean bidea argitzeko. Batzuetan, zenduaren koltxoia erretzen zuten, lanabes zahar baten gisa, bidegurutzeetan, egoera batetik besterako iragaitza bilatzeko: zaharra erre, berria estreinatzeko.

“Erre pui erre” eta txokolate-dastaketa. Agurain (Araba), 2001/12/31. Argazkia: E. X. Dueñas.

Arabako Errioxan eta Errioxan horren adibide batzuk aurkitu ditugu, aldaketa gutxirekin, abenduaren 7an. Esate baterako, Samaniegoko “mañas” izenekoak: haur eta gazteek izpiliku-zuziak pizten dituzte, lurra eta etxeak garbitzeko, eta espiritu txarrak eta sorginak uxatzeko xede zaharrarekin. Gaur egungo esanahiak, beharbada, jatorrizkoa gainditzen du, eta zera besterik ez da: argia ematen eta adrenalina igotzen duen zerbait izatea eskuartean. Bastidan, kalez kale “erronda” egiten dute, jai-giro betean eta musikarekin, eta horrek algarak sortzen ditu, su batetik bestera, ibilbide osoan.

Beharbada, 1582. urtean (edo 1583. urtean) juliotar egutegia utzi eta gregoriarra hartzean desagertu ziren hamar eguneko aldaketak ekarriko zituen, inertziaz, gaur egun ere egiten diren su horiek. Izan ere, beste herri batzuetan abenduaren 24an edo 31n izaten dira, Agurainen adibidez, “erre pui erre” ospakizunarekin, edo urtarrilean, San Antonio egunean (Mendabia, San Adrian, Tutera eta Nafarroako beste herri batzuetan).

Izpiliku-zuzia (“mañas”) Arabako Samaniegon, abenduaren 7an. Argazkia: E. X. Dueñas.

Ezin dut alde batera utzi, oraingoan suei dagokienez, akats bat, Barandiaranek eta Caro Barojak zabaldutako informazio batek neurri batean eragindakoa, nire ustez, okerra, Lesakan Olentzero erretzeari buruzkoa. Panpina ez dute erretzen, eta ikertzaileek ez dute datu hori jaso, ez herri horretan, ez Beran, ez Oiartzunen, ez Goizuetan, eta, hori albo batera utzita ere, hala egiteak pertsonaiaren existentziaren logika hautsiko luke.

Gure gizartean, hedabideek ematen duten informazioak hain pisu handia du, non gainezka egiten baitu. Ospakizunen eta elementuen osagai antzinakoa, magikoa edo mistikoa bilatzen dute, eslogan, albiste eta datuen bidez, eta, batzuetan, interes zehatzek bultzatuta daude, hain zuzen, hutsaltasunak eskema eta, jakina, historia hautsiko bailuke. Hain zuen, kontsumitzailearen gustura asmatutako historia, suaren gainean jauzi egitea garbiketa-ekintzatik baitzegoen hurbilago protagonistaren ausardia-erakusketatik baino; lanabes zaharren erreketatik urrunago abenduaren 24ko gau magikoa baino; eta azalekoagoa etxeko ateko apaindura baino, etxea eguraldi txarretik babestearen aldean.

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~