Labayru Gaur

0

Ekainaren 30a bitartean, bizkaiera lantzeko ikastaroak hartuko ditue hainbat gaztetxok. Hain zuzen, alfabetatzeko lehenengo, bigarren eta hirugarren maila zein EGA prestatzeko ikastaroak emongo ditu Labayruk hurrengo bi asteetan. Batez be, Bizkaieraren lerroa jagoten daben ikastetxeetako ikasleak dira udako ikastaro trinkoetan izena emoten dabenak; baina ez danak. Izan be, edonor apuntau daiteke ikastarora.

Gaztetxoen taldeetan sortzen dan giro ona nabarmendu dau Labayruko irakasle Josu Arroyok: “Ahalegina egiten dogu ikastaroa ez daiten izan kontu akademiko zurruna”. Ikastaroak Begoñazpi ikastolan emongo dabez astelehenetik barikura, eta astelehenetik zapatura Labayruk Boluetan (Bilbo) daukan egoitzan. Goizez eta arratsaldez izango dira klaseak.

Josu Arroyori alkarrizketa Bizkaia Irratian:

 

Beti-betiko ikastaroa

Gaztetxoei zuzendutako ikastaro trinkoaz aparte, azken 49 urteetan eskaini dituen udako ikastaroak emongo dauz Labayruk aurten, barriro, uztailaren 2tik 14ra. Bizkaierazko ikastaroak dira, eta alfabetatzerako hiru mailak ezeze, EGA prestatzeko ikastaroa, itzulpen ikastaroa eta Bizkaiera lantzen ikastaroa be emoten dira.

Alfabetatzeko ikastaroan, hiru mailatan apuntau daitekez ikasleak. Arroyok azaldu dauanez, “ikasleek Labayru  Fundazioaren EGA titulua ateratzea da azken helburua, balio ofiziala daukana, bestearen bestekoa”.

Titulua helburu ez daukienentzat, Bizkaiera lantzen ikastaroa be emongo dau Labayruk uztaileko lehenengo bi asteetan. Gaur egun jente asko dago batueraz alfabetatua, baina ikastaro hori mendebaldeko bizkaierara hurreratzeko aukera ona dala azpimarratu dau Arroyok.

EGA azterketa egiteko datak be zehaztuta dagoz. 17an izango da Atariko proba eta, hori gainditu ezkero, garagarrilaren 19an izango dira idatzizkoa eta ahozkoa, goizez lehenengoa eta arratsaldez bigarrena.  Azterketa danak Boluetako egoitzan egingo dira.

Itzulpen ikastaroa eta teknikari ikastaroa

Itzul-I ikastaroa da uztailerako aukeran dagoan beste bat. Oinarrizko itzulpen teknikak emoten dira, eta arloagaz interesa daukan edonorentzat bakarrik ez, euskaldun ororentzat be aberasgarria izan leiteke ikastaro hori.

Uda amaituta, euskera teknikari ikastaroa be eskainiko dau Labayruk.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.