Labayru Gaur

0
Jabier Kaltzakorta, Miren Josune Aristondo eta Jesus Eguzkiza Eguzki, omenaldiko oroigarriagaz.

Labayru Fundazioko Artezkaritzaren proposamenez, Ohorezko Laguntzaile izentau dira aurten Jesus Eguzkiza Eguzki, Miren Josune Aristondo eta Jabier Kaltzakorta. Artezkaritzako presidenteak irakurri dau bakotxaren ganeko aitamena.

Jesus Eguzkiza Eguzki Arrazolan jaioa da 1946an. Han daukaz zuztarrak sakon sartuta berak hain ondo darabilen euskereak. Baserri eta baso inguruan umezaroa emon eta ostean, Seminarioan egin ebazan ikasketak.

Lanbidez ahozko komunikazinoagaz lotuta egin dau ibilbide profesionala. Herri Irratian lehenengo eta bikoizketan gero, Edertrack eta Mixer enpresetan. Euskal Telebistako makina bat saiotan entzunda daukagu. Euskera irakasten be ibilita dago, Bilboko Hizkuntza Eskolan hain zuzen be.

Labayru Fundazioagazko loturea Seminario denporatik jatorko. Udako Derioko Ikastaroa sortu zanean, orain 50 urte beteten dirala, irakasle ibili zan, baita liburuginen be. Laguntasun hori orain arte heldu da, ontxe be, berak lanbide izandako zereginean, bideoei ahotsa ipinten, laguntzaile apartekoa dogu ta.

Labayruko ekitaldiak aurkezten gogoratzen dogu Eguzki betidanik, eta Derioko Udako Ikastaroan “Intxauspeko alaba dendaria” kantua Ander Manterolagaz abesten, ahots bitara, zeinek grabeago egin.

Hizkuntzeagaz olgetan dakienetakoa da Eguzki, berbak eta esaldiak ondo baino hobeto aukeratzen eta josten, gauzak esateko orduan edertasunaren lilura transmitiduten. Ahozkoa dau harek komunikabide, doinuera, gozotasuna, adierazkortasuna berban berban dariola.

Miren Josune Aristondo kostakoa dogu, Ondarroan 1948an jaioa. Ikasketaz kimikan lizentziaduna da, eta zientziako gaiak irkasten ibilitakoa. Etxeko eta herriko giroak lagunduta, euskaltzalea da barru-barruraino.

Irakaskuntzatik momentu baten politikara salto egin, eta horretan hainbat ardura bete izan ditu, dala hizkuntza-plangintzako arloetan Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian, dala EAJ alderdiaren barruan ardura politikoetan.

Gizartean agirian eta jente aurrean andrazko gitxi ikusten zan sasoietan, ostean etorri diranentzat bideak urratu ditu Miren Josunek, eragile eta tinko.

Gazte-gaztea zala hasi zan irakasle Derioko Seminarioko ikastetxean, eta bertan egoan Magisterio Eskolan gero. Ordutik jatorko Labayru Fundazioagazko loturea, erakundea sortu zanetik bertatik. Izan be, hango irakasleak Udako Ikastaroetako irakasle ziran, eta ikasleak be batean eta bestean ibilten ziran.

Eta harrezkero, egon dan arduratan dagoala, beti eduki dau Labayruren lana gogoan eta Bizkaian bultzatu beharreko erakundetzat, euskal hizkuntza eta euskal kulturaren alorretan.

Gaur egun be, igarri-igarrian dogu haren itzala, une honetan Artezkaritzako kide moduan.

Jabier Kaltzakorta Markinan 1961ean jaioa dogu, eta Labayru Fundazioaren kolaboradorea aspaldi-aspalditik. Gazte-gaztetarik egon da Jabier maiteminduta euskal hizkuntzagaz eta hizkuntza horren ahozko adierazpen literarioakaz. Unibersidadera Euskal Filologia ikasten joan zanerako, ikasle urtena zan, aurreko ikertzaileen lanak buruan ondo hartuta eukazana. Baina liburuetatik ikasten bakarrik ez, euskaldun onen berbetea entzuten be ondo daki Jabierrek, herriko jentearen esanak eta esateko moduak harrapetako prest beti.

Unibersidadeko ikasle-denporan, Derioko Udako Ikastaroan irakasle ibili zan, literaturako gaiak irakasten, eta harrezkeroko guztian lotura horreri sendo eutsi deutso.

Lanbidez irakasle da Deustuko Unibersidadean, aurretik IVAPeko Itzulpen Eskolan eta ETBn sartu-urten batzuk egin baebazan be.

Baina zaletasunez ikertzailea da, horretan emoten ditu laneko orduak kenduta ganerako guztiak. Eta ikerketa egiteko leku eta giro ezin hobea aurkitu ditu Labayruko liburutegian, gehien erabilten dauena bera da gure artean.

Idatzi eta idatzi, sortu eta sortu, agortuten ez dan jakituria-iturri dogu Kaltza, Labayruko argitalpenetan ikusten dan moduan. Harengana joten dogu pitean-pitean, hiztegia dala, bibliografia dala, edozein zalantza sortuten jakun bakotxean. Bai argibideak aurkitu be, ordenadorearen beharrik barik jakingarri guztiak buruz eta zehatz emonda.

Hiruron irakatsiak eta laguntasuna gogoan hartuta, esker ona bihotz-bihotzez agertzeko, omenduten doguz gaur.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.