Labayru Gaur

0

Urtarrilaren 24an Bilbon, Ondori Botxo kafe-jatetxean, egin zan literatur-saioa, Laura Urubururen nobela barriaz. Katigatu ninduzun librea nintzena liburuko testu hautu batzuk irakurri ebezan Jesus Eguzkiza Eguzkik eta Dorleta Alberdik.

Hitzaldien tartean, Laura Mintegi idazle eta irakasleak, liburuko hainbat arlo aitatu ebazan, literaturaren ikuspegitik gehien baten: denporaren tratamentua, aldi ezbardinak; pertsonaien garapena; pertsonaia-bikoteen arteko hartu-emon motak, agirikoak batzuk baina ez hainbeste beste batzuk; emakumetasuna nobelan zehar; idazteko denporea eta irakurteko denporea; hizkuntza aldetik egindako ahalegina eta ekarpena.

Horren ostean, Jabier Kalzakortak hizkuntzaren alderdiari oratu eutsan, ahozko hizkeraren ekarpena azpimarratuta. Horrezaz ganera, izenbururako aukeratutako koplaren nondik norakoa be azaldu eban.

Amaitzeko, egileak, Laura Uruburuk, idazteko prozesuaren barri emon eban. Urte askoko lanaren emaitza da nobela hau, hara eta hona asko egindakoa, aldikadatan idatzi eta beste sasoi batzutan itxita egindakoa, bizitzako gorabeheren parean ibilitakoa. Personei eta gauzei erreparetako daukan zaletasun eta gaitasunean oinarritzen dira nobelako kontakizunean txertatutako egoerak, hausnarketak, deskribapenak eta hizkuntza bera.

Jente talde ederra batu zan, eta kopau bat hartuaz idazleagaz berba egin eta lagunarte atseginean egoteko aukera ezin hobea sortu zan amaieran.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.