Etnografia atalak

0

Antzinako garaietan, lihoak izan zuen, bai, garrantzi handirik. Ia baserririk gehienetan landatzen zen, hain zen estimatua. Izan ere, liho-sailetatik zetorren nekazaritza-etxeen ekonomia autarkikoaren funtsezko gaia: ehun-zuntza, alegia.

Gure arbasoek ezagutu zuten liho-landarea biguna zen itxuraz, lore urdinez hornitua. Diotenez, liho-soroen paisaia ikusgarria zen udaberrian, askok edo gehienok ezagutu ez dugun irudia.

Batez ere mendi-hegal garai eta luberrietan lantzen zen. Lur bigunetan asko jaiki ohi zen, baina zurtoina ez zitzaion mardultzen. Hainbat barietate zeuden, baina udazkenean erein eta maiatzean edo ekainean biltzen zena zen ugariena. Lihoaren laborantza XX. mendearen lehen herenean galdu zen.

Haria eta lihozko ehuna egiteko prozesu luzeak lana eskatzen zuen gogotik: behinolako ezpatarien kanta ederrak dionez, lazgarriak ziren linuaren penak.

Lihoa biltzea. Emile Klausen pintura.

Atera

Gutxi irauten zuen liho-loreak. Lore-orritxoak jaulkitzen zirenean, hazkorrak zetozen, hazi zapal eta puntazorrotzez beteak; lihondoek kolore horixka hartzen zuten orduan, galsoroek bezalatsu.

Liho-lastoa eskutadaka atera beharra zegoen, sustrai eta guzti, izpiek sufri ez zezaten. Eta han soroan bertan uzten ziren hamabost bat egunez, gutxienez, euriak garbitu eta samurtu zitzan.

Garramatu

Bildu ondoren, fruitua kentzen zitzaion. Lanbide neketsua zen oso, linazia hazkor txiki-txikietan gordeta dator eta. Ohikoa zen, horretarako, garrama zeritzon orrazia erabiltzea: zurezko edo burdinazko hortzak gainean josita zituen aulki luzanga bat zen.

Liho-buruak hortz horien artetik pasatzen zirenean, hazkorrak askatu egiten zitzaizkien. Piloan jarrita, mazo batekin jotzen ziren gero, edota eguzkitan zabaldu, hazia jaulki zezaten. Hazirik onena ereiteko bereizten zen, eta gainerakoa enplastu zein bestelako sendagarriak prestatzeko gorde.

Uretaratu

Garramatu ondoren, liho-putzu edo -osinetan sartzen ziren liho balak, egun batzuez beratu zitezen, betiere kontu handiz, errekaren ur-goraldi batek eraman ez zitzan, harriak, oholak edo halakoak baliatuz. Ura lohi geratzen zen, eta kirats gaiztoa jarioan gabikoak.

Sikatu

Putzuetatik atera eta zelaian zabaltzen ziren lihoak, beste hamar-hogei egunez, lehortu eta ondu arte.

Baina ez ziren honenbestez amaitzen lihoaren ehun pena eta nekeak

Eta udazkena izaten omen zen liho-lanetan —jotzen, ezpatatzen, txarrantxatzen, goruetan eta beste— hasteko tenorerik egokiena.

Jo

Uretaratu eta lehortu ondoren, bat, bi edo hiru jotzailek zanpatuko zituzten liho txortatxoak makila, gabi zein mazoekin, di-da-da errukirik gabe. Etxe askotan atari aurreko liho-harriaren gainean jotzen ziren lihoak, hain justu ere.

Ezpatatu

Zurtoinei bata bestearen kontra eskuekin igurtzi batzuk emanez, azal ustela eta zatarreria bota zitzaten lortzen zen. Ondoren, ezpatarekin kolpatzen ziren, zurezko aizto moduko batekin.

Bestela, ezpatatu ordez, trangarekin ere apaindu zitezkeen. Zela triki-traka ezpatatuz, zela triski-traska trangatuz, muinetako izpi txar eta erbatzak hautsi, txikitu eta atera behar ziren. Zenbait tokitan, suhastu ere egiten ziren, kliski-klaska suhatsak izeneko egurrezko guraizeekin, lihoak gozatzeko.

Txarrantxatu

Ia erabat askatuta zeuden harizpiak txarrantxan orrazten ziren. Arrastelu antzeko horren hortzen artetik behin eta berriro pasarazitako hari-gairik finenari amukoa esaten zitzaion, eta motzago zenari, berriz, muiloa edo amelua.

Irun

Neguan, inguruko etxe-baserrietako emakumeak lihoa iruten aritzen ziren elkarrekin. Hizketan eta kriseiluen edota beheko suaren argitan ekiten zioten lanari, iluntzean hasi eta gauera arte. Goruleek, jakina, gorua eta ardatza erabiltzen zituzten, goruetan egiteko.

Haria egin ahala, matazatu egiten zen; matazak egosi eta zuritu behar izaten ziren ur irakinarekin eta errauts-lixibarekin; eta errekan jo ondoren, harildu egiten ziren. Azkenik, harilak hurbilen zegoen ehundegira eramaten ziren, ehuna egiteko, eta gero ehunarekin ezkontza-arreoa josteko, baita hainbat osterantzeko janzki ere.

Hara hemen, laburbilduz, arestian zerrendatu ditugun arazo eta arazkeriak, Barandiaranek 1922an Bizkai aldean jaso zuen ipuin polit batek dionez:

Lehenengo soloan atara, gero sikatu, gero garramatu, gero pozuan beratu, gero sikatu, gero jo hageaz edo mazuaz, gero ezpatatu, gero txarrantxatu, gero goruan ipini, gero hari egin, gero matazatu, gero egosi, gero errekan jo, gero harildu, gero ehun egin, gero josi jantzia…

Hainbestekoak ziren, ezen lamina batek gauerdian oratu zion gizagaixoak denak kontatu zituen orduko, martiko oilartxo gorriak kukurruku egin zuen; eta halaxe salbatu zuen hark bizitza.

Jaione Bilbao – Etnografia  departamentua– Labayru Fundazioa

Informazio gehiagorako: Julián Alustiza. Lihoaren penak eta nekeak. Oñati, 1981.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~