Etnografia atalak

0

Erromerian. José Arrueren margolana.

Jakina da data finkoa duten eguzki-ospakizunek eta jaiegun aldakorrek (Pazko-ilargi betearen arabera ezarriak) osatzen dutela urteko jai-zikloa. Gainera, jai guztien artean, batetik, jai nagusiak (San Joan, Gorpuzti, zaindarien egunak…) bereiz daitezke, kristau-liturgietan garrantzi handiko ospakizun generikoak; bestetik, jai txikiak, debozio herrikoiek sustatuak (osterantzeko santu-egunak, Andre Mariaren agerpenak, mirariak, erreguak…), tokian-tokian, gure herrietako auzo-auzune eta inguruetako gurtzarako guneetan.

Testuinguru horretan, herrietako tradiziozko festarik gehienak uda-partean (oparoaldiaren edo oparotasunaren sinboloa) pilatzen dira, eta, neurri txikiagoan, urteko gainerako egunetan. San Joan egunaren inguruko ospakizunek (ekainaren 24a) ematen die hasiera aldi honi, eta San Migel jaiek (irailaren 29a) dakarte amaiera. Udako jai guzti horietan, komunitatearen gizarte-egituraketa zein elkarreragin hitzartuak islatzen dira, eta jarraian azalduko dugun eskema komun eta zehatz samar baten arabera antolatzen dira.

Aurreko egunetan edo bezperan, ekintzak, kontratazioak eta gastuen aurreikuspena finkatzen zituzten antolatzaileek (gazte-taldeek edo udalek). Musikariak abegi onez hartu eta zaindu, intendentzia kudeatu eta jai-elementuak atontzen ziren (apaingarriak, janaria eta edaria, jakien bilketa, argiak, azken entseguak, bisitak…). Kanpai-hotsak, lehen musika-akordeek, bolboraren usainak edo erlijio-ofizioek adierazten zuten jaia abian zela. Bestalde, jaialdiaren atarian, musika-errondak egin, dantzaldia antolatu, jaietako sinboloak nabarmendu eta azken xehetasunak zehaztu ohi ziren.

Elurretako Ama Birjinaren prozesioa Lanestosan (Bizkaia). Argazki-egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Familiarentzako bazkaria prestatzeko ardura zutenek (etxekoandreek eta neskameek) meza goiztiarrarekin ekiten zioten egun handiari. Udal-agintariak, erlijiosoak, handikiak, herritarrak eta bisitariak biltzen zituen meza nagusiak, denak beren galarik onenekin. Ondoren, dantza tradizionalak edota gizarte-dantza formalak dantzatzen ziren plazan, udalbatzaren aurrean, zenbait ekitaldi ludiko osagarriren aurretik. Senitarte eta gonbidatuekin mahai oparoan bazkaltzeko erretiratzen ziren gero. Bazkalondoan, musikariak errondan ateratzen ziren, mokadu eta txanpon batzuen truke. Arratsaldean, elizkizunak amaitu ostean, hasten zen gazteek beren arteko harremanak estutzeko eta helduek beren agintea erakusteko egiten zuten dantzaldi publiko hain desiratua. Iluntzean, otoitzerako kanpai-hotsa entzutean, bukatzen ziren dantza eta solasa, etxera itzultzeko. Ez zen ohikoa jai-giroa gauera arte luzatzea, gazteentzako errondak edo erritu bereziak izan ezik.

Egun handiaren antzera ospatzen zen jaietako bigarren eguna. Egun horretan, herri batzuetan, ezkonduak ziren protagonista (dantza sozialetan, jatorduetan, prozesioetan, gonbitetan…). Beste batzuetan, ordea, hildakoei eskaintzen zitzaien meza, eta saria bildu beren arimen alde. Hala bada, toki askotan, bigarren egun horrek santuaren izenaren txikigarria (Antontxu, Roketxu, Lontxo…) hartzen zuen; eta, beste hainbatetan, ezkonduen edo arimen eguna bezala ezagutzen zen. Zortziurrena edo jaiaren errepikapena hurrengo asteburuan izaten zen, arrandia eta ospe txikiagoarekin.

Ageri denez, beraz, denboraren joanean, osagai ugari estratifikatu izan dira zaindarien jaien inguruan. Zenbait aldatu egin dira; eta beste batzuk, aldiz, desagertu. Izan ere, herrietako festen dinamika indar eragilea da: unean-unean bizi dugun errealitatera edo protagonisten gustura egokitzen den ekintza sustagarria da jaia.

 

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~