Etnografia atalak

0

Jose Arrueren margolana. Argazkia: Juantxo Egaña.

Zenbaitetan, xehetasunik txikienaren atzean istorio handi bat ezkutatzen da. Hori jazoko zaigu Jose Arruek 1919an Bilboko Klub Nautikorako margotu zuen friso batekin, garai hartan Arriaga Antzokiko lehen solairuan kokatua. Gaur egun Iberdrolaren jabetzakoa da eta bere Torre ezagunean gordetzen da beste hainbat artelanekin batera.

Bada, friso hura osatzen zuten bost zatietako batean, neska bat ageri da limonada bat prestatzen, bisitari ospetsu batzuei eskaintzeko. Limonada, behinolako udako jaietako euskal edari tipikoa zen. Irudiko neska, soinekoaren mahukak jasoak ditu, eta hori da, hain zuzen, berezia dena hizpide dugun istorio honetan.

Izan ere, XX. mende hasierako gizarte haren arau moralen barruan, pentsaezina zen inork bere beso, hanka, bular edo ilea agerian erakustea jendaurrean, adeigabea eta gaitzesgarria zelakoan. Aurreko mendeetatik jasotako zama zen. Are larriagoa emakume bat baldin bazen, gure kasuan bezala, lotsagabetzat eta gizonak nahita kitzikatzen zituen horietakotzat hartuko zelako. Bere portaerak, batez ere jendaurrean zenean, inplikatutako emakumearen ospea eta ohorea ez ezik, familia osoarenak ere baldintzatzen zituen.

Horregatik da apartekoa gure gaztearen kasua, goiko gorputz-adarrak biluzik baititu agerian. Frisoan marraztutako 136 pertsonaiei errepaso bat egitea besterik ez dago denek besaurreak eta eskumuturrak mahukekin estalita dituztela egiaztatzeko, lasterketa betean dagoen txirrindulari bat eta limonada egiten zegoen gure neska gaztea izan ezik. Zeharo berezia, beraz.

Horren guztiaren arrazoia da —eta hor dago bitxikeria— garrafa-limonada edari gozo haren prestakuntzak, berezko liturgia bat zuela, gauzak egiteko modu tradizional bat. Eta horrela, zeregin horietan ari zen pertsonak mahukak igo behar ei zituen, eta hori, ikus daitekeenez, gailentzen eta lehenesten zen beste gizarte-arauen aurrean.

Oso ondo jaso zuen Emiliano Arriagak Lexicón bilbaíno (1896) lanean, Arruek bere obra margotu baino bi hamarkada lehenago idatzitakoan. Bertan, honako hau esan zuen limonada prestatzeari buruz [jatorrizkoa gaztelaniaz]: «Baldearen barruan elurrez inguratutako ontzi hari bueltak emateko lana, mahaikideen artean formaltasunagatik bereizgarriena zen pertsonari egokitzen zitzaion. Horiek limonadarako prestatzen direnean, mahuka-hutsik esertzen dira mahaian. Horregatik, norbait horrelako itxurarekin dagoenean esan ohi da: gizona, limonadan zaudela dirudi!».

Autore beraren hitzei jarraiki, garrafa-limonada, «…sangria izoztu bat zen, oso atsegina edakeran, limonada deitzen ditugun udako bazkari edo askari handi eta zaratatsuetan erabilia. Klasikoak, txakolin zuria, ura, azukre-kozkorrak eta limoi zatitxoak ditu».

Gaiaren ingurumarian hobeto kokatzearren, garrafa esaten zitzaion neskak darabilen ontzi handi horri. Bertan, izotza eta gatza nahastuta botatzen ziren eta, horren guztiaren barruan, zilindro metaliko bat sartzen zen, edaria zuena. Zilindroa erritmikoki birarazten zen barruko nahasketa izotz-edari bihurtu arte. Era berean, badakigu erabilitako izotza elurzulo eta nebera izenez ezagutzen diren mendietan kokatutako zulo handi batzuetatik zetorrela. Neguan bertan biltegiratzen zen udako jaietan saltzeko, negozio hori irabazi handikoa izanik XVII-XIX. mendeetan.

Baina Arruek erretratatutako neska hark bisitari esanguratsu haiei edari zoragarri hura eskaini zienerako, leia artifizialki sortzen zen, horretarako 1880an Bilboko Ollerieta kalean ezarritako lehen izotz-fabrikan. Horren ondorioz, izotza merkatu egin zen, garrafa-limonada egiteko ohitura zabaldu eta mendiko elurzuloak bertan behera geratu ziren apurka-apurka.

Garai berri haiek ere, arian-arian desagerrarazi zuten gure amamek, behartuta, ilea estaltzeko zerabilten buruzapia. Eta galtzerdi luzeak eta soinekoen botoiak goraino lotu beharra. Azken finean, emakume haiek besoak erakutsi ahal izan zituzten nahi zuten guztietan, garrafa-limonada egin beharrik izan gabe. Eta hari modernitatea eta askatasuna deitu zitzaion.

 

Felix Mugurutza

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~