Labayru Gaur

0

Joan den abenduaren 6an, Durangoko Azokako areto nagusian egin du Labayru Fundazioak Botaba Euskal Esamoldeen Erronkaren hirugarren edizioko sari banaketa ekitaldia. Bertan izan dira, besteak beste, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Koldo Bilbao BBK Fundazioko ordezkaria, Adolfo Arejita Labayru Fundazioko zuzendaria, saridunak eta euskal esamoldeen erronka babestu duten enpresak.

Sopelara joan da aurten sari nagusia, baina Bilboko, Ermuko, Hondarribiko eta Iurretako lagun-taldeek ere jaso dituzte sariak.

Sari nagusia Labayru Fundazioak berak eman du aurten. Beste hiru lagunekin batera Europan zehar hilabete osoz bidaiatzeko aukera emango dioten Interraileko lau txartel eskuratu ditu irabazleak. Bestalde, Leaktibaik eskainitako lau lagunentzako abentura-esperientzia lortu du esamolderik originalenak. Lehiaketara aurkeztutako lehen hamar parte-hartzaileen artean, berriz, Last Tour enpresak emandako BBK Live jaialdirako sarrerak zozkatu dira.

Lehiaketa aurretik Instagramen egindako beroketa-fasean ere sariak egon dira: Mr. Euskaldun produktu pertsonalizatuak eta Donostia Festibalerako sarrerak, Last Tourren eskutik horiek ere.

 

Inoiz baino gazte gehiago

Datu onak utzi ditu aurten Botaba lehiaketak: 60 bideo hartu ditu guztira eta inoiz baino jende gazteagoak parte hartu du; beraz, lehiaketaren xede-taldea identifikatu, eta haiengana heltzea lortu dela esan dezakegu.

Gehienbat, 16 eta 25 urte bitartekoek parte hartu dute aurtengo lehiaketan, eta bideoak hainbat lekutatik heldu dira: Donostia, Gasteiz, Oñati, Hondarribia, Ermua, Ondarroa, Bilbo, Iurreta, Pasaia, Gernika, Eibar, Ordizia, Zaldibia, Arama, Sopela etab.

Euskal esamoldeen erabilera sustatzea izan du helburu lehiaketak, hala nola hiztunok kaleko hizkera kolokialean darabiltzagun esamoldeak sare sozialen bidez zabaltzea. Izan ere, hiztunon hizkuntza-ohituretan eragin nahi du, erregistro kolokialago batean jarduteko behar ditugun baliabideak eskainiz.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.