Labayru Gaur

0

Gatikako bizimoduan jaiak guztiz errotuta dagoz, Gatika jairik jai, danok alai izeneko liburuak ondo erakusten dauenez. Urteko jai-egutegia haritzat hartuta egindako lana da, betiko moduan herritarren lekukotasunetatik lortutako informazinoagaz osotutakoa.

Jaiak atal nagusi bitan banatuta dagoz, alde batetik herriko jai nagusiak, eta bestetik, urtean zeharreko gainerakoak.

Herriko jaietan sanmarkoak, madalenak eta sanbartolomeak dira nagusi. Horrezaz ganera, Butroeko Erdi Aroko Azokak atal berezia dauka, eta Urriko andramariak be bai, orain galduta badagoz be.

Barriemoileen adinaren arabera, oroitzapenak guztiz ezbardinak dira. Diktaduran dana galazota egoalako, eta eskuarte handirik be ez egoalako, jaiak estimaduak ziran baina eskasagoak. Demokrazia etorteagaz batera, beste era bateko dinamismoa sortu zan herrian, kultura zabaltzeko gogoa eta euskalzaletasuna bor-bor egozan. Gaur egun Bilbok eta herri handiek hartu daben indarrak eraginda, beste era bateko giroa dago. Sasoian sasoikoak, esaten dan moduan.

Jaiak herritarrak bat egiteko, gazteak dibertiduteko, neska-mutilak batzeko, eguneroko ardurak alde batera ixteko eta beste gauza askotarako dira. Jaietan, ganera, era askotako erakustaldiak, jarduerak eta entretenimentuak egoten dira, orduaren arabera, adinaren arabera… Gatikan holako hainbat aurkitu ditugu, baina bat nagusi: idi-probak. Horretan nabarmendu inguru guztian herri hau. Horrezaz ganera, sukalkia, Intxurtxu dantza-taldearen erakustaldiak, azoka, pelota-partiduak, txistulari-trikitilariak, herri-kirolak, erregatak Butroe ibaian, tortilla- eta paella-txapelketak, herri-bazkaria, umeentzako jolasak, asto-karrerak, jota-txapelketa, txirrindulari-lasterketa, Miss Gatika aukeratzeko lehiaketa eta guzti.

Herri-egutegiari lotutako jaietan, urte-sasoi bakotxean urtero errepikatzen diranak sartzen dira. Neguan Gabonak datoz lehenengo, egunotako ohitura piloagaz, bai etxe barruan bai kanpoan. Kanpokoen artean Olentzero eta Erregeak nabarmendu behar. San Anton be ospatu izan da Gatikan, baserritarren eguna da-ta. Kandelario, San Blas eta Santa Ageda alkarren segidan datoz, karnabalei bidea egiteko. Udabarrian eleizako jaiak datoz batez be, Aste Santua, Asentsio, Gorpuzti, Maiatzeko lorak, San Isidro eta San Antonio. Udea sanjuanakaz hasten da, eta hortik gora datoz herriko jai guztiak, inguruko herrietakoez gainera. Udagoienean, Domusantu, San Martin eta Santa Luzia ospatu izan dabez.

Liburuan atal apartekoa dauka Intxurtxu taldeak, jaiotan eragile handienetakoa izan dalako. Dantza-talde moduan sortu zan, baina gero mendi-talde, koru eta beste jarduera askotan ekin deutsie. Talde horrek eta beste herritar eta talde askok egindako lanari esker, herriari nortasuna emon izan deutsie euren jaien bitartez.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.