abendua 2016

0

Euskal Ikasketen Masterreko bigarren mailan seina eskola-ordu emon dabez Jabier Kalzakortak eta Igone Etxebarriak azaro-abendu bitartean. Masterra Bordeaux Montaigne Unibertsitatearen programa da. Aurelia Arcocha irakaslea arduratzen da maila horretaz eta berak osotu dau programea.

Jabierrek eta Igonek herri literaturari buruzko arloa landu dabe ikasleakaz, lau saiotan, gai honeek aztertu dituela: herri literaturako generoak eta ezaugarriak, amodiozko kantuak Iparraldean, baladak eta mitologia.

Bordeaux Montaigne Unibertsitatearen eta Labayru Fundazioaren arteko lehenengo kolaborazino honen bitartez, erakundeen, lurraldeen eta ikerketa-taldeen artean zubiak eregiteko ahalegina dago.

 

 

0

Bosgarren urtez eratu da Bilbon ‘Berbagunea’, Bilbo euskaldunari agiriko lekua emoteko. Aurrekoetan moduan Labayruko ikasle talde batek parte hartu dau Alondegiko ekitaldian. Jarduera horren helburua da euskaldunak alkartzea eta euskeraz jardutea hainbat orduz jarraian.

Euskaldun onak eta ikasten dabizenak, gazteak eta adinekoak, gizarte arlo guztietakoak alkartu dira aurten be Bilbo erdi-erdian. Taldeka-taldeka hainbat alkarrizketa egin dabez euskeraz, gai guztiei buruz. Izan be, euskereak bizitzako arlo guztiak adierazteko balio dau. Euskerea jakitetik erabiltera jauzi egiteko aukera ezin hobea.

0

Aurtengo Durangoko Azokako barrietako bat Yolanda Arrieta idazleak eta Aitziber Alonso marrazkilariak prestatutako Kulun-kuttunak liburua izan da. Album ilustratua da berez, ume txikientzako tradizinoko lo-kantak oinarri dituena.

Yolandak Labayrura jo eban ahozko artxiboan lo-kantak ete dagozan. Bai emon be. Eta errepertorio horretan oinarrituta, tradizinoko poesien eta berak sortubarrien arteko jokoa sortu dau liburu zoragarri baten. Izan be, Yolandaren zereginetako bat da umeengan txikitatik sortzea poesiarako zaletasuna. Hainbat argitalpen, hitzaldi, tailer eta ekintza egiten ditu horretara bideratuta.

Oraingoan, Aitziber Alonsoren irudi ederrakaz hornituta, liburu txukuna prestau dau, DenonArtean argitaletxean. Izatez liburu parea da, bata euskeraz Kulun-kuttunak izenekoa, eta bestea gaztelaniaz Luna-cuna izenekoa.

0

Arratzun urtean zehar herriko hamaika lagunen testigantzak batu ditugu, eurei alkarrizketak egin eta bideoan grabauta. Berbagaiak bizimoduko gorabehera guztiak: herria, auzoak, ermitak eta errotak, erreka-basoak, baserriak, bizimodua, lanbideak, jatekoak, jaztekoak, eskola, olgetak, gaztezaroko ibilerak, jaiotza-heriotzakoak, jaiak eta ospakizunak, gerra denporakoak…

Aurtengo egitekoa grabazinoak eurak egitea izan da, informazinoa batzea, gerora horren zabalkundea era batera edo bestera egiteko. Ha ta guzti be, batutako horren erakusgarri bat herrian aurkeztu zan abenduaren 3an. Aretoa bete egin zan herriaren deiari erantzunez eta bideoak harrera oso ona euki eban. Ikusi hemen.

Ostean lekukoei oparitxu bana emon, argazkia egin eta kopau baten inguruan beste hainbat eta hainbat kontu agertu ziran. Alkateak datorren urtean egitasmoari jarraipena emoteko borondatea agertu eban; halan da ze, datorren urtera arte!